A.M. DONOSTIA

«Nik ere erraustegia gelditu dut», bakoitzaren eta denen meritua ospatzeko jaialdia

Ospakizun garaia da. Hala deritzote iganderako Usurbilen jaialdia antolatu duten taldeek. Zubietako errauste planta geldiarazi bada, «denen meritua» izan dela nabarmenduta, «denok» bertaratzeko deia egin dute.

Zubietako errauste planta gelditu izana, denen eta bakoitzaren meritua izan dela argi utzita, lorpena ospatzeko ere denek lekua dutela nabarmendu dute Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak, Gipuzkoa Zero Zabor, Ekologistak Martxan eta Eguzkik. Hala, «Nik ere erraustegia gelditu dut» lelopean egitarau oparoa prestatu dute iganderako, Usurbilen.

Goizetik hasiko dira ospakizunak, errauste planta eraikitzeko asmoa zuten eremura abiatuko den mendi martxarekin (09.00etan, Mikel Laboa plazatik). Bi ordu geroago, 11.00etan, zuhaitzak landatuko dituzte Artzabalen, eta 13.00etan frontoian ekitaldia hasi bitartean, hainbat joko, puzgarri eta animazio izango dira, hala nola Porrotx, Xalto eta Brinko pailazoen, Morau abeslariaren eta Apaxi ipuin kontalariaren eskutik.

Goizean gainera, Orioko tuntturruak kaleak alaitzen ibiliko dira, Sutegi kultur etxean urte hauetan guztietan izan diren ekimenen bideoak proiektatuko dira eta jateko eta edateko aukerarik ere ez da faltako. Ekitaldi nagusian Mundumob-a eta flashmob-a dantzatuko dituzte.

GHK-k bat egin du

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ere ospakizunean parte hartzeko gomita egin du. Hamabi urteotan «erraustegiaren mehatxua» gelditzeko egin diren urratsak (herri mugimenduaren ekimen ugariak, komunikazio kanpainak, bilketa selektiboan aurrerapenak, bozketa herrikoiak...) gogora ekarri ditu.

Izan ere, GHKren ustez, «azkenean enpresariekin lotutako akordioaren ondorioz gelditu delako ustea ez da erabat zuzena, aurretik ekimen horiek guztiak izan ez balira, ezinezkoa izango baitzen puntu honetara iristea».

Horrek frogatzen du, «sinisten duzun horregatik borroka egitea beti merezi duela, emaitzak goiz ala berandu iritsi egiten direla», adierazi du Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkateak.

Erne, halere

Ospakizunetarako arrazoi sendoak izaki ere, Gipuzkoako Hondakinen Kortsortzioak ez du ahantzi erne segitzeko beharra nabarmentzea: «Erraustegi honen proiektua hilik badago ere, Zubietako erraustegiaren mehatxua ez dago hilik. PIGRUGen (Gipuzkoako Hiri Hondakinen Plan Integralean) erraustegiaren `beharra' sartzea lortu zuten behin, eta hori hor idatzia dagoen bitartean mehatxuak bizirik jarraituko du. Idatzi hori aldatzea ez da erraza izango, erraustegiarekin tematu ziren alderdiek ez baitute amore emateko zantzurik erakusten».

Jarrera horien aurrean, «berriro ere, herritarren ekimena izango dela irtenbidea» adierazita, igandean «norabide horretan beste urrats bat egiteko aukera» nabarmendu du GHK-k: «Gutako bakoitzaren parte hartzea inportantea da. Tanta bakoitza ez da ohartuko bere garrantziaz, baina guztien artean itsaso menderakaitza osatzen dute».

Igandeko jaiaren antolatzaileek ere, «bakoitza bere erara lorpen honen ekintzaile» izan den neurrian, orain bertan behera utzi izana ospatzeko garaia heldu dela uste dute. Horrenbestez, jaialdira bertaratzeko dei egin diote herritar orori.