J.L.
PILOTA

Amuletek sakearekin erabaki du lehenengo kanporaketa

AMULET 40

JANNOTS 22

Amuletek oso erraz irabazi zuen Berezkoen Buruz Buruko lehen kanporaketa, eta hemendik aste batera Ducassou II.aren aurka jokatu beharko du bigarren kanporaketa, atzoko leku berean.

Amulet berria da berezkoetan, eta atzo jokatu zuen bere lehen neurketa txapelketa honetan. Jannotsek eskarmentu gehiago du, jadanik txapelketa dezente jokatu baititu, baina atzokoan gaztea izan zen nagusi.

Sakea izan zen, gainera, kanporaketa erabaki zuena. Lehen zatia nahiko orekatua izan zen, 17-17 berdinduta ere egon baitziren, baina hortxe apurtu zen kanporaketa. Amulet sakearekin asmatzen hasi zen, eta Jannotsek ezer gutxi egin ahal izan zuen horren aurrean.

Errestoan pilota ondo eramaten zuenean ere, Amulet nagusitzen hasi zen jokoan, eta era guztietan menperatuta geratu zen Landetakoa. Amuletek 9-0eko partziala sartu zuen, 26-17 aurreratzeko. Artean asko geratzen zen, baina Jannotsek ez zuen erreakzionatu, eta beste bost tanto gehiago bakarrik egin ahal izan zituen.

Bigarren zati honetan, itxura kaskarra eman zuen Landetakoak. Oso azkar etsi zuen, eta lehen kanporaketan etxerako bidea hartu behar izan zuen. Amuletek, berriz, egin du txapelketa. Multzo oso gogorra egokitu zaio, beste biak, Ducassou II.a eta Ezkurra, finala irabazteko faboritoen artean baitaude. Datorren ostiralean galtzekorik ez duela joango da Battitte Ducassouren aurkako neurketara, eta presioa bere aurkariak izan beharko du. Hura irabazten duenak, Ezkurra izango du zain.