J.L.

Donibane Garazin amaituko da lehen jardunaldia

Berezkoen Buruz Buruko Txapelketako lehen jardunaldia gaur amaituko da Donibane Garaziko Garat trinket zaharrean, hantxe jokatuko baitira azken bi kanporaketak, 16.00etatik aurrera.

Lehen norgehiagoka Agirrek eta Larraldek jokatuko dute. Aurrenekoak bigaren aldiz jokatuko du lehiaketa hau, eta, Larralde gazteak, berriz, aurreneko aldiz, iritsi berria baita onenen mailara. Hala ere bera aterako da irabazteko faborito. Beregan itxaropen asko daude jarrita, eta hori erakusten saiatu beharko du orain. Superprestige txapelketan ere aritu da Larralde, baina han lehen kanporaketan joan behar izan zuen kanpora. Garaipena lortzen duena Laurent Lanberten aurka ariko da.

Ondoren Bixente Lazkano eta Andde Kurutxari neurtuko dira. Biek ere ez dute eskarmentu faltarik, baina, Kurutxarik behar bezala prestatu baldin badu lehiaketa hau, ez luke aurrera egiteko aparteko arazorik izan behar.

Lazkano beti lanean segi eta segi egiten duen horietakoa da, eta saiatuko da aurreikuspenak apurtzen. Dirua ere Kurutxariren alde aterako da nabarmen. Irabazten duenak Intxaurperen aurka jokatu beharko du datorren larunbatean Maulen.