Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Garai berrietan

Bada lurralde antolaketarako arazo txiki bat, badute proposamen bat, ikastolen eraikitzeko lege zaharkituak dituzte, hor ere proposamen bat, lurralde antolaketa eta euskara. Gainerateko arazorik ez dago!

Espainiako Errege Etxeak bere kide batzuen inguruan zabaldutako instrukzioa gelditzea eskatu du, instituzioarentzat martirioa omen baita. Instituzio nagusiek heiek berek markatutako justizia behar lukete bururaino babestu. Aitzitik, legea hurbiltzen zaielarik hor jokoak ez du gehiago balio. Presondegi zigorrek, zigor gehigarriek besteendako balio dute. Ez dago justiziarik. Boteretsuaren legea da nagusi.

Oso baieztapen minimalista eta motza ematen du, motzegia erretorika handia dutenentzat. Alta, Durangon preso ohiek eman duten iritziaren aurrean, uzten diguten lekukotasunaren aurrean hau da bururatu zaidana. Indartsuenaren parean inpotentziaz batzuen justizia jasaten duenak, indarra baizik ez du transmititzen. Horien artean asko frantses justiziak Espainiako legearen eskuetan jarri zituen militanteak, errefuxiatuen kontrako tresnak biderkatuz. Asko sozialistek hartutako erabakien ondorioz urte asko espetxean iragan dituzten presoak. 1979an errefuxiatu politikoen estatutua kentzen hasi ziren, hau eskuinaren erabakia. Baina 1984an jadanik Miterrand deitutako presidenteak lehen estradizioa onartu zuen. Geroztik Pakito han gelditu da atxilo.

Noski urrats handiak egin dituzte sozialista horiek, gaur egun euskal konfliktoa ez dute gehiago aipatzen. Hitz bat ere ez dute erran presoen kolektiboaren agiriaren ondotik, alta bozeramaile batzuk frantses presondegietan daude! Isiltasuna, izendatzen ez denak ez du izaterik, izenik ez duena ez du izanik. Hau da aldaketa! Bada lurralde antolaketarako arazo txiki bat, badute proposamen bat, ikastolen eraikitzeko lege zaharkituak dituzte, hor ere proposamen bat, lurralde antolaketa eta euskara. Gainerateko arazorik ez dago! Politika egiteko manera berria izango da! Anabasa dago gain horretan, arduraduna nor den ez dakigu xuxen, arazoak norekin konpon daitezkeen ez dago argi, debaterik ez dago. Haatik konfliktoen saihesteko, funtsezko arazo politikoak ez jorratzeko prest daude. Ipar Euskal Herria independentziaren bidean ez da agendan sartzen. Aldiz, hauteskundeak prestatzea da garrantzitsuena Parisetik Hendaiaraino, eta horretan motibazioa handia dute, kantonamenduen antolaketa, barnealdeko birmoldaketa ere, iritzi batzuen arabera, sozialisten nagusigoaren mantentzeko aurreikusia omen zen. Baina erreakzioek egin dute ez direla menturatu. Gibelera egin dute. Saiatu dira, ez zaie ongi atera; ez dira sobera ausartak izan hala ere, ez dute neurria inposatu.

Bake prozesua zailtasunetan dago eta frantses Estatua ez da prest horri buelta emateko. Diskurtso politiko asko entzunen ditugu laster, nor bere programarekin, euskal gatazkaz galdetuko diegu, preso dauden euskaldunez hitz eginen diegu, Lannemezanen eritasun larria duen Ibon Fernandez Iradiz, besteak beste, dispertsioaz, datorren larunbateko manifestaldiaz hitz eginen diegu, ea bertan egotea ekintza politiko nagusia dela dugun ikuspuntuarekin ados diren galdetuko ere. Garai berrietan ere arazoei aurre egin behar diegu eta gure arazoak konpondu. Urte berri on!