IKUSMIRA
IKUSMIRA

Erdibidean geratuta, PSOE eta PSC ez doaz inora

Alfredo Perez Rubalcabak eta Pere Navarrok, PSOE eta PSC alderdien buruak, hurrenez hurren, bederatzi puntuko idazkia sinatu zuten atzo, besteren artean Konstituzio espainola aldatzeko proposamena egiten duen dokumentua. Bi agintariek Mariano Rajoy presidente espainolari eta Artur Mas presidente katalanari beren herrialdeen arteko harremanak hobetzeko elkarrizketak abia ditzatela eskatu zieten, eta Estatu espainolaren egitura federala defendatu zuten, aldaketa hori gauza dadin pausoak emango dituztela nabarmenduz. Beraien arazo nagusia, ordea, bai Kataluniako zein Estatu espainoleko gizartean egin dituzten proposamenek duten sinesgarritasun eskasa eta erakargarritasun falta da, izan ere, inork gutxik bat egiten baitu bultzatzen duten egitasmo federalistarekin.

PSCk badaki Kataluniako gizarteak erabakitzeko eskubidearen aldeko hautua egin duela, eta ez duela hori bermatuko ez duen ezer onartuko, baina Navarrok eta enparauek nahiago dute errealitate horri entzungor egitea eta PSOEri lotuta jarraitzea. Eta Madrileko Gobernuan hainbat urtetan egon den Rubalcabak badaki inork ez diola sinesten federalismoaz hitz egiten duenean, baina PPrengandik aldentzeko zeozer egin behar duela uste du. Horiek horrela, «erdibidean» geratzea erabaki dute, nahiz eta hori bide onena den inora ez heltzeko.