IKUSMIRA
IKUSMIRA

Euskal gizartearen norabidean bat egin beharra

Lakuako gobernu kontseiluak joan den larunbateko manifestazioa positibotzat jo zuen atzo. Bilboko kaleak mukuru bete zituen jendetza eta bertan izan ez ziren beste herritar asko ere bat bide datoz Lakuako eledun Josu Erkorekak jakinarazi zuen balorazio horrekin. Balioeste positibo hori, jakina, ez da harrigarria, EAJk ere manifestaziora deitu zuenez gero; hala ere, Erkorekak bere alderdiaren parte-hartzeaz besteko argudioak eskaini zituen atzo. Lehenengoa, gizartearen gehiengo zabala bakea lortzeko aukera zapuztea eragozteko prest dagoela. Eta hori kontu berria ez bada ere, larunbateko manifestazioak berretsi egin zuen, begi bistakoa eginez. Hori nabarmentzea herritarren nahi hori, herritarrek seinalatzen duten norabidea onartzea da. Norabide hori, hain zuzen, bilduta zegoen manifestazioaren leloan, eta eragile guztien -eta instituzioen- lehentasuna izan beharko luke. Bestetik, baina aurrekoarekin loturik, oso zalantzan jarri zuen EPPKren bitartekaritzako kideen atxiloketa eta kartzelatzea, «dena da ETA» planteamendua, erakunde horrek duela bi urte bere jardun armatua utzi ondoren, defendaezina eta iraganeko oroitzapena dela eta arazo asko sortzen dituela iritzita. Izan ere, arazo horiek nabarmenak dira, jasaten dituen gizartearen konponbide nahiarekin bat egin beharra bezain nabarmenak.