GARA DONOSTIA

Bilboko Zinegoak jaialdiak 31 herrialdetako lanak eskainiko ditu hamaikagarren edizioan

Bilboko Gay-lesbo-trans Zinema eta Arte Eszenikoen Nazioarteko Jaialdiak, Zinegoak, hamaikagarren edizioa urtarrilaren 20tik 27ra egingo da. Bertan 31 herrialdetako 85 lan ikusi ahal izango dira: 6 lan eszeniko, 13 fikziozko film luze, 9 dokumental luze, fizkziozko 44 film labur eta 13 film labur esperimental.

Ohorezko saria LGTB (lesbiana, gay, transexual eta bisexual) zinema biltzen duen San Petersburgoko Bok a Bok jaialdiarentzat izango da. «Guretzat ekitaldi, ludiko, kultural eta soziala den jarduera, Errusian, oraindik, antolatzaileen eta parte hartzen duen publikoaren segurtasuna arriskuan jartzen duen aldarrikapen ekintza bat da», aipatu zuen jaialdiaren zuzendari Pau Guillenek.

Era berean, aurtengo edizioan haurtzaroa eta nerabezaroa lantzen duten lanei emango diete lehentasuna; «pertsonen heldutasunera daraman prozesua markatzen duten onarpen propioa eta besteekiko harremanak garatzen baitira bi aro hauetan», azaldu zuen Guillenek.