GARA

Bouteflika ospitaleratzeak zalantzak sortu ditu haren osasunari buruz

Abdelaziz Bouteflika Aljeriako presidentearen benetako osasun egoerari buruzko zalantzak sortu dira, presidentetzarako hauteskundeak iragartzeko bi egun falta zirela ospitaleratu dutela aintzat hartuta. FLN alderdiak Bouteflika laugarren agintaldirako aurkezteko asmoa du.

Abdelaziz Bouteflika Aljeriako presidenteak gaur edo bihar sinatu behar zuen presidentetzarako bozak egiteko eguna ezartzen duen dekretua. Legearen arabera, dekretua sinatu eta 90 egunera izango dira hauteskundeak. Bihar sinatzen badu, apirilaren 17an izango da bozketa eguna. Bouteflika bera 14 urtez boterean egona da, eta bere hautagaitza aurkezteko aukera izango luke hauteskunde eguna baino 45 egun lehenagora arte.

Baina asteartean Presidentetzak jakitera eman zuenez, Val de Grace Parisko ospitale militarrera eraman dute presidentea. Eta «ohiko azterketak» baino ez direla esan arren, kezka zabaldu da. Presidentetzak esandakoaren arabera, Bouteflikaren osasunak onera egin du azkenaldian, eta biharko itzuliko da.

«Presidenteak Frantziara joan baino lehen hauteskundeak deitzeko dekretua sinatuko zuen», «El Khabar» egunkariaren arabera. Horien iritziz, ospitalizazioak polemika sortuko du, eta berriro hautagai izateko aukeragatik baino -analista askok ziurtzat dute ez dela izango- «hirugarren agintaldia bukatzeko gaia izango den zalantzan dagoelako».

Bouteflikak 80 egun igaro zuen iaz ospitale frantsesetan. Eta, aurretik, 2005ean, urdaileko ultzera batengatik ere Parisen ospitaleratu zuten.

Hauteskundeen iragarpenagatik «egoera politikoa pil-pilean dela ospitaleratu dute berriz presidentea», dio «Echorouk» egunkariak. «Egia ezkutatzen ote du?», galdetzen du «El Watan»-ek. Dioenez, «presidentearen gaixotasunak inoiz ezagutu gabeko paralisian utzi du Estatua».

«Liberteren» hitzetan, «Errepublikako presidentearen egoera ez bada kezkagarria, zergatik joan Val de Gracera hauteskundeak deitu baino 48 ordu lehenago?». Uztailaren 16an Estatu frantsesetik itzuli zenetik, bi ministro-kontseilu baino ez ditu deitu, eta ez da ekitaldi publikoetan agertu.

Publikoan hitz egin zuen azken aldian, 2012ko maiatzean, bazirudien lekukoa agintari gazteagoei pasatuko ziela, «gure belaunaldiaren garaia pasatu da» esan baitzuen. Ordutik telebistan zabaldutako irudiak muntaketak izan dira, besoak mugitzen edo hitz egiten agertzeko.

Oraindik hautagai

Halere, Askapen Nazionalerako Fronteak (FLN) berretsi egin du Bouteflika hautagaia izango dela, eta osasun arazoengatik kargua utziko duela ukatu. Estatuburu izateko hamabost hautagai daude jada. Ali Benflis Bouteflikaren lehen ministro ohiak sortzen du oposizioan itxaropen handiena. Igandean argituko du hautagaitza aurkeztuko den ala ez.