Ritxi AIZPURU
MUSIKA ARGITARATZAILEA

Musikaren curriculumak

Euskal Herriko musika ere sartuko dute curriculum kaltegarrian? Urte bukaera zein hasieretan, musika aldizkari eta egunkarietan ohitura dago aurreko urteko diskorik gustukoenen zerrendak betetzeko. Musika kazetari, aditu edo kritikari multzo txiki bati egiten zaio galdeketa, eta ezin dira, inolaz ere, proiekzio estatistikotzat jo zerrendok. Aditu bakoitzaren gustuen berri azalduko du zerrendak, eta norberaren taldea agertzen denean gustukoa emango die hari eta gertukoei. Taldearen curriculuma gizentzeko balio dezake. Orain dekretuzko curriculuma. Madrilgo estatuak osatutako curriculumak galbahe politiko zapaltzaile, diskriminatzaile eta zanpatzaile beretik pasarazi nahi du biztanleria guztia. Eta eskumena izango balu, mundu guztian bere joera politikoetara ekarriko luke dena pentsatuz eurena dela pentsamendu baleko bakar eta unibertsalena. Bere burua unibertso bilakatu ohi du edozein faxistak. Haren burutik atera den ideia guztiak bere buruaren berdintasunaren listoia du. Listo bezain azkar eta trebea izan da beti boterea bere burua gordetzen alderdi politikoetan, betiereko jarraipena emanez estatu curriculumaren eredu politikoari. Bestalde, zuzenbide estatua zuzena den ez da inoiz argi geratuko, estatuaren curriculumak gizabanakoaren pluralitatea ez duelako kontuan hartuko sekula, nahiz eta horrela saltzen diguten. Beti egongo da zirrikituren bat boterearen estereotipoa kontrolerako gogotsu. Euskal Herriko ze biztanle geratu daitekeen ase Madrilgo curriculumarekin galderari erantzutea erraza da: hemen bizi diren espainolak. Euskal Herrietan Alaska ezagutu beharko al da Gose taldearen ordez? Curriculum espainolak galderak baino gehiago galerak ekarriko ditu. Suntsiketa baino ez du merezi.