Ane ARRUTI DONOSTIA

Tabakalerak «sukalde lana» abiatu du 2015ean prest egoteko

Tabako fabrika zaharra eraberritze lanetan da oraindik, baina Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko lan taldeak prest du «trantsizio» urte honetarako programazioa. Sukaldea espazioa eta webgune berria baliatu nahi dituzte gogoeta, mintegi edo proiekzio bitartez, etorkizuneko eskaintza garaikidearen aperitiboa herritarrekin elkarbanatzeko.

«Tabakalera eraikina obretan murgilduta dagoenez, beste zenbait espaziotan gaude, aldi baterako, gure eginkizunak aurrera eraman ahal izateko», dio www.tabakalera.eu webgune berriko oharrak. Hala da, 2015eko ekainerako espero da lanen bukaera eta ordurako prest egoteko «sukalde lana» jarri dute martxan. 2013an egin izan dira ekimen batzuk, zenbait hurbiltze, baina 2014an «praktika garaikideen lan lerroari ekingo diogu modu aktiboago batean», azaldu zuen Ane Rodriguez zuzendariak.

Bi gune dituzte horretarako: Donostiako 2016rekin batera, suhiltzaileen egoitza zaharrean dagoen Hirikilabs eta Atotxako Dorrearen pean kokatzen den Sukaldea, «Tabakalera proiektua `egosten' jarraitzeko» erabiliko dutena. Bigarren hau atzo aurkeztu zuten. 70 eta 40 metro karratuko bi areto ditu eta lantegiak, proiekzioak, aurkezpenak eta mahai-inguruak egiteko baliatu nahi dute. Beste bi gela txikiago ere baditu, ekimen xumeagoak egin ahal izateko. «Hirian ageriago egon nahi dugu, jendeak programa ezagutu dezan -zehaztu zuen Rodriguezek-, lekua edukita uste dugu hobeto iritsiko garela jendearengana».

Programaren xehetasun guztiak webgunean bildu dituzte: Hileko programa erregular bat izango da; Ubik-mediatekaren alor teknikoa jorratuz joango da etorkizuneko liburutegia definitu asmoz -iaz arrakasta handia izan zuen Liburutegi areagotua errepikatuko da otsailaren 5 eta 7an-; Hirikilabseko laborategietan hiritar sortzaileei zuzendutako ikaskuntza eta ekoizpen-ikerketako metodologia berriak sustatzen jarraituko dute; eta Zinema Independentearen Zirkuituko partaide izango da Tabakalera, Estatu espainoleko beste hainbat zentrorekin elkarlanean -Musac, Niemeyer, CGAI eta Valentziako filmategia-, hileko azken asteartean Antzoki Zaharrean banatzailerik ez duten filmak proiektatuz.

Urtarrilaren 28an, esaterako, «Museum hours» proiektatuko da, 3,5 euroren truke. AEBetako musika-undergrounda erretratatu ohi duen Jem Cohen Vienako Arte Historia museoan barneratuko da kasu honetan. Biharamunean, zirkuituaren «B aldea» egingo da Sukaldean 19.00etan. Hilabete honetako gonbidatuak Ramon Ayala kazetaria eta Javier Manterola Lisabo taldeko musikaria izango dira. «Zuri-beltzeko kontzertu baten antzeko saioa izango dela pentsatu nahi genuke proposatzen dugun hau: pelikula zatiak, bideoklipak, gitarra elektriko bat eta binilo batzuk», esan zuen Victor Iriartek, Tabakalerako ikus-entzunezkoen arduradunak.

Urtarrilean, «Artxiboa»

2014an zehar, hilero kontzeptu baten inguruan ekimenak proposatuko dituzte. Urtarrilean «Artxiboa» izango da gaia, «Harria, papera eta guraizeak. Ikus-entzunezko artxiboak, collagea eta historiaren berridazketa» landuko dira saio teoriko eta praktikoetan. «Historiaren berridazketan ikus-entzunezko artxiboak izan duen erabilera aztertu nahi dugu», esan zuen Iriartek.

Sonia Garcia Lopez izango da mintegiaren komisarioa. Hilaren 21etik 24ra, hitzaldiak egingo dira egunero eta ondoren proiekzioak: «La caída de la dinastía Romanov», «El perro negro», «Videogramas de una revolución»... Goizetan lantegiak egingo dira eta parte-hartzaileek ikus-entzunezko artxiboekin pieza labur bat sortzeko aukera izango dute. Gaiarekin jarraituz, Lur Olaizolak eta Enrique Fiblak Archive Lab lantegia eskainiko dute.

Otsaileko programari, berriz, «Esperimentala» deitu diote eta aurkezteko Jorge Nuñez, Bilboko Pantalla Fantasma Zinemaldiaren zuzendaria, eta Carlo Pardial idazle eta errealizadorea gonbidatuko dituzte. Azken honek Damon Packarden filmografia esperimentalaren errepasoa egingo du.

«Argia zizelkatzea, kamerarik gabeko zinemara gerturaketa» lantegia Antoni Pinentek gidatuko du eta proiekzioei dagokienez, Tabakalerak ohitura zaharrei eutsiko die. Hilaren 17 eta 21a bitartean, Clermont-Ferrand Film laburren jaialdiko Labo 2014 sail esperimentaleko lanak proiektatuko dira Antzoki Zaharrean. Tartean, Kimuak 2013ko hautaketa eskainiko da.

Urtarrilean bezala, Zinema independentearen zirkuituaren baitan, otsailaren 25ean proiekzioa izango da. «I used to be darker» Matthew Porterfield-ek zuzendutako lana da, «izatearen egoera hauskorra» islatzen duena. Hurrengo egunean, oraindik zehazteke dagoen «B aldea» egingo dute Sukaldean.

Bestalde, bideo-jokoen alorrean ere sakondu nahi du Tabakalerak, Hego Euskal Herrian sortzen denaren mapa eginez.

Ikasi eta ekin

Suhiltzaileen egoitza zaharrean kokatuta dagoen Hirikilabs laborategietan beharrezko altzari eta ekipamenduak sortuz joan dira 2013an zehar eta aurten martxan jarri nahi dute hori guztia. Joxean Llorentek aurreratu zuenez, astean bi arratsaldez zabalik egongo da elkarlanak sustatzeko eta lantegi zehatzak ere proposatuko dituzte. Larunbat honetan, adibidez, Android mugikorrentzat app-ak sortzen ikasteko aukera izango da 09.30etik 13.30era. Aurrerago, Arduino hardware libreko plataformarako hastapena, bideo-joko baten sorkuntza eta prototipatzea eta 3D inprimaketa teknologiara edo CNC kontrol numeriko bidezko fresatze teknologiara hastapen ikastaroak egingo dira.

Otsailaren 6an eta 20an, Hirikilabs Plaza ospatuko da, teknologia eta herri ekimenak uztartzen dituzten tokiko ikerketa eta ikaskuntza proiektuak partekatzeko saioen abiatzea.

Gerora Tabakaleran egingo diren artisten egonaldien aurrerapen gisa, «Komanditario berriak» deialdia jarriko da martxan hilaren bukaeran. Foundation France-k sustatutako proiektua da eta bere helburua «edozein pertsonari behar sozial bati erantzungo dion proiektu artistiko baten garapenean esku hartzeko aukera eskaintzea da, artista baten eta bitartekari baten laguntzarekin», azaldu zuten.