Nagore BELASTEGI VILLABONA

Villabonako zinemak 3D filmak eskainiko ditu aurrerantzean

Zinemara ikusle gehiago erakartzeko eta programazio osatuagoa eskaintzeko asmoz, Villabonako Udalak proiektore digital berria eskuratu du. Pantaila ere berritu dute ordaindutako 65.000 euroekin. Orain, film berriak lehenago ikusi ahal izango dira bertan.

Villabonako zinemak ekipo berria dauka eta, horri esker, hemendik aurrera hiru dimentsioko filmak ikusi ahal izango dituzte erabiltzaileek. Berrikuntzak proiektore digitala eta pantaila bilgarria dira. Horiei esker, estreinaldiko filmak lehenago ikusi ahal izango dira herrian eta kalitate hobeaz, gainera.

Galder Azkue alkateak azaldu bezala, 65.000 euroko inbertsioa egin dute ekipamendu berria erosteko, baina zinema aretoaren onurarako dela uste du. «Proiektore digitala erostea programazioari eusteko ezinbesteko baldintza zen. Orain herritarrei zinema aretoari balioa emateko deia egiten diegu», aipatu zuen. Aldaketa honi esker kopia digitalak proiektatu ahal izango dituzte eta, beraz, filmak estreinatu eta egun gutxira eskuratu ahal izango dituzte. Horietako batzuk 3D formatuan eskaintzeko aukera izango dute orain.

Horretarako betaurreko bereziak eskainiko dituzte sarrerarekin batera (baita kristalak garbitzeko zapitxoa ere). Hiru tamainatako betaurrekoak dituzte: haurrentzat, helduentzat eta betaurrekoak erabiltzen dituzten helduentzat.

Berrikuntzak direla-eta, sarreren prezioak zertxobait garestituko dira: haurrentzako saioetako, ikuslearen eguneko eta erretiratuen sarrerak 3,50 euroko prezioa izatetik 4 eurora igoko da; helduen saio arruntek 5,50 euro balioko dute; eta 3Dn eskainitako filmek, berriz, 6,50. Hala ere, bonuak erosteko aukera izango da orain ere eta honela sarrerak 3 euroan eskuratu ahal izango dira (30 euroren truke 10 filmetarako sarrerak).

Aukera zabalagoa

Nora Urbizu Kultura eta Euskara zinegotziak azaldu zuen 3Dn eskaintzen diren filmak ohiko formatuan ekartzen ere saiatuko direla. Era berean, programazioa zabalagoa izango da aurrerantzean. «Udalak programazioa bere gain hartuko du», azaldu zuen. Orain arte kanpoko enpresa baten esku zegoen eta etekinak ere enpresak eskuratzen zituen. Hortaz, Villabonan ikus zitezkeen filmek «irizpide ekonomikoei» jarraitzen zieten. Hemendik aurrera kalitatezko zinema ikusi ahal izango da. Aniztasuna bermatzeko, herritarren iradokizunak jasotzeko prest dago Udala.

Joxean Cuberok, Kultura dinamizatzaileak, berriz, pantaila berriaren abantailak azaldu zituen. «30 metro karratu ditu eta bilgarria da; honela, zinema emanaldiaren ostean antzerki edo kontzerturen bat badago, atzean eszenografiaren zati bat muntatuta utz daiteke aldez aurretik. Gainera, hitzaldiak egiten direnean infografiak proiektatu ahal dira eta ordenagailuarekin kontrolatu».

Asteburu honetan helduentzako zein haurrentzako 3D emanaldiak eskainiko dituzte 3 euroko prezio berezian, proiektorea inauguratzeko.