IKUSMIRA
IKUSMIRA

Parte hartzeko eskubidea ez da beto eskubidea

EAJko bozeramaile Joseba Egibarrek atzo Bake eta Bizikidetza Lantaldeaz egin zituen adierazpenak zentzuzkoak dira, batez ere euskal gizarteak seinalatutako bidearen araberakoak dira-eta. PSEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek esan zuenez, ordea, bere alderdiak eta PPk lantaldean parte hartzen ez badute ere EH Bildurekin aurrera egiteko asmoa gauzatuko balitz, oker handia izango litzateke. Txiste txar bat dirudite Pastorren hitzek, lekuz kanpoko ateraldia horrelako kontu serio batez diharduela, ezker abertzalea lantaldetik kanpo uztea balekoa iruditu izan zaio-eta.

Egokiena indar politiko guztiek parte hartzea izango litzateke, jakina. Denek dute parte hartzeko eskubidea, baina ez beto eskubidea, lantaldeak aurrera egitea eragozteko. Egibarrek esan zuenez, PSEri eta PPri «arrazoizko» denbora tarte bat emango diete, eta EH Bildu bat etorri zen. Hala ere, arrazoizko epe batek ez luke izan behar parte hartzeko prest ez daudenei beto eskubidea ematea, hain zuzen. Pastorrek esan zuen baldintzak betetzen direnean itzuliko dela lantaldera bere alderdia. PSEk eta PPk aspaldi ezarri zituzten beren baldintzak, ordea, eta hala ere, ez dute onartu nahi euskal gizartearen eskaera edozein talde politikoren «baldintzak» baino garrantzitsuagoa dela. Izan ere, lantaldean parte hartzeko baldintza bakarra herritarren eskaera betetzeko borondatea izan beharko litzateke.