Jon GARMENDIA
Idazlea

Boligrafo urdina

Ukan zenuen boligrafo urdin bat, eta urte anitzez erabili zenuen zure hatzen artean. Harekin hasi zinen marrazki landuak egiten, ordura arte, lauki eta borobil modukoekin marrazten baitzenituen animaliak zein eraikinak; harekin hasi zinen idazten lehen lerro zuzenak, ordura arte, idazten zindoazenaren azpian plastikozko erregela atxikitzen baitzenuen, eta arkatzaren ondoan beti agertzen zen borragoma. Arkatzaren aroa izan zen hura, haurtzaroa markatzen zuen hatzarteko makilatxoaren aroa. Baina boligrafoa lehen aldiz eskuetan hartu zenuenean heldutasunaren aroan sartu zinela ohartu zinen, amaitu zirela artifiziozko balak, jada, egiazko eskopeta bat zeneukala zure jabetzan. Eta arroilak marraztu zenituen harekin, errekak, ibaiak eta itsasoak, mendiko ataka hertsiak, galtzak eta uhalak, soineko eta minigonak, otsoak eta arranoak, etxeak eta etxaldeak, hiriak, eta baita haien karriketako jendeak ere. Eta idatzitako hitzekin sakondu zenuen marrazki haien sentimenduetan, barneak miatzen hasi zinen, lurrazala zulatzen, ur-azala bailitzan. Bakardadea eta adiskidetasuna, justizia eta injustizia sozialak, natura eta gizakia, ehunka kontu zure boligrafo urdinaren puntan. Eta heldu zen besteei buruz idaztetik, zure-zureak ziren gauzak idaztera pasa zinen garaia ere. Amodiozko gutunak, eta bete gabeko maitasunen ametsak agertu ziren orduan zure begien aitzinean. Gainera, garai horretarako, boligrafo beltzak pisua hartua zuen, eta baita gorriak ere; honek, zuzenketak egiten zizkizun, beltzak, aldiz, urdinaren gainean tatxoi handi bat egin eta orri zuriko erregea bera zela argi utzi zizun. Eta oharkabean joan dira urteak, gaur, ganbarako kutxa hezeen barnean zure boligrafo urdin hura aurkitu duzun arte, eta zalantzazko galderak besterik ez zaizkizu heldu burura, noiz egin ote zenion traizioa, noiz agertu ote zintzaion desleial, urte luzeak baitira hatzak teklatu baten gainean baino ez dituzula pausatzen.