IKUSMIRA
IKUSMIRA

Asmo txarraren eta arduragabekeriaren artean

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak zenbait ekimen onartu zituzten atzo, besteak beste Yolanda Barcinaren aurkako gaitzespen mozioa eztabaidatzea, Nafarroako Gobernuko presidenteak D ereduaren aurka egiteko Guardia Zibilaren ustezko txosten bat erabili izanagatik. Izan ere, oraindik orain Barne Ministerio espainiarrak ukatu egin zuen Nafarroako hezkuntzarik buruzko txostenik egin zuela. Halaber, Barcinak eta Hezkuntza kontseilari Jose Iribasek ustezko dokumentuari buruzko azalpenak eman beharko dituzte. Jose Miguel Nuin Ezkerrako bozeramaileak arduragabekeriatzat jo zuen presidentearen, UPNko zenbait kargudunen eta Madrilgo Gobernuaren ordezkariaren jokaera, eta esan zuen Yolanda Barcinak ez lukeela egun bat gehiago ere eman behar Nafarroako presidentetzan. Ez du arrazoi falta erantzukizun politikoa eskatuta, baina salatu zuen jokaera ez da arduragabekeria, ustezko txosten hori beren helburu politikoen mesedetan erabiltzea zerbait larriagoa baita; asmo txarra, hain zuzen. Gogoko ez duten hezkuntza eredu baten aurkako eraso zuzenak, kriminalizazio saio maltzurrak lege aldaketak eragiteko trikimailuak ez dira arduragabekeria hutsa; baina parlamentari gehienek Gobernu horren hainbat jokaera onartezin direla medio haren dimisioa eskatu dutenean, zentsura mozioa saihestea bai, hori arduragabekeria da.