AITZIBER PZ. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Bizitza eskubideaz

Gallardonek bi argudiotan oinarritzen du bere abortuaren lege proposamena. Emakumearen babesa, batetik, eta jaiogabearen bizitza eskubidea, bestetik. Sen onaren guztiz kontrakoa bada abortuaren kudeaketaz Justizia ministro bat arduratzea, galdutzat ematen dut ministro honi justiziaz eta zentzuz jokatzeko eskaera.

Sen onak eta emakumeen defentsak gidatuta arituko balitz, urteko lehendabiziko bi asteetan Estatu espainolean hil dituzten zazpi emakumeen inguruko agerraldia egina zukeen honenbestez. Baina jazoera hauen aurrean adierazpen berezirik egitetik urrun, oraindik ere entzun behar izan dugu kasu batzuetan hildako emakumeek euren hiltzaile suertatu direnen aurkako salaketarik ez zutela jarri; hildakoa bihurtuz bere destinuaren arduradun.

Salaketarik jarri ez duten emakumeak identifikatzen ditugunez gero, zergatik ez hasi genero bortizkeriaren lekuko izanik salatu ez eta isilik geratzen diren bizilagun eta senideak identifikatzen? Honekin batera, aurrez salaketa egon den kasuetan, hilketa gertatzea galari ez duten urruntze-aginduak ezartzen dituzten epaileak identifikatzen ere has gaitezke. Izendapen hauekin guztiekin, zerrenda berriak osa daitezke eta emakumeen patua bera ere alda daiteke, egun batengatik beste norbaitena bada isurtzen den odola.

Zer gertatuko litzateke zazpi emakume horiek gizonezkoak izan balira? Zer gertatuko litzateke zazpi hildakoak gizonezko futbolari, epaile edo ministro izan balira? Justizia ministroak emakumeen alde egiten duela dio, baina sekula ez da horrela izango, jaio ere ez den izaki bati zor zaion bizitza eskubidea emakumeei bermatzen ez zaien bitartean.