IKUSMIRA
IKUSMIRA

Kaltea eginik eta kalte-ordainak kitatu gabe desegin da Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioa

Nafarroako Gobernuak Itoizko urtegiaren proiektuaren berri jakinarazi zuenetik, inguru hartako herritarrak haren aurka agertu dira. Oposizio hura eta hainbat adituren iritzia, ordea, ez ziren erabaki hura atzera botatzeko motiboa izan. Hala, urtegia eraiki zuten, baita Nafarroako Ubidea ere. Orain aspaldi ez dela, 2012an, Zaragozako Unibertsitatean eginiko master bukaerako proiektu batek Itoizko urtegiaren eta Nafarroako Ubidearen errentagarritasunik eza erakutsi zuen. Baina «progresoaren» izenean egin omen zituzten, dirutza xahuturik ubidearen bigarren faseari ekinen dioten bezala. Progreso bitxi horrek Artze eta Longida ibarretan eragindako kalteak ordaintzeko, Itoitz-Nafarroako Ubidea Fundazioa sortu zuten, baina agindutako dirua ez da sekula iritsi. Azken urteetan, xentimorik ere ez. Eta orain murrizketak horren gogoko dituen Gobernuak fundazio hori desegitea erabaki du, bere helburua bete omen duelako, kaltea eginik eta kalte-ordainak kitatu gabe. Progresoaren izenean. Herritarren eta aditu independenteen iritzia kontuan hartzen ez duen progresoaren, kalte nabarmenak eragin eta agindutako kalte-ordainik ematen ez duen progreso bitxiaren izenean.