Arantxa MANTEROLA

Euroituna berresteko lege aldaketa 28an bozkatuko dute Asanblea Nazionalean

Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berrestea ahalbidetuko lukeen konstituzioaren aldaketari buruzko eztabaida atzoko ordu txikitan amaitu zen Asanblea Nazionalean. Oso diputatu gutxik parte hartu arren, eztabaida sutsua izan zen. Bozketa urtarrilaren 28an izango da.

Hamabost urte igarota, Asanblea Nazionalak berriro ekin zion Hizkuntza Gutxituen Itunaren berrespenaren gaia eztabaidatzeari. Diputatu gutxik parte hartu bazuten ere, debatea bizia izan zen oso.

UMPko Henri Guainoren hitzaldia izan zen erreakzio gehien piztu zituena Euroituna berrestearen aldekoen artean. Izan ere, Errepublikaren defendatzaile sutsu agertuta, hizkuntza aldarrikapenok XIX. mendeko eskuin muturreko «ideia etnizistekin» parekatu zituen eta PSko Gobernuari «herritar frantsesen arteko berdintasun printzipio errepublikarrari erasotzea» leporatu zion.

Henri Guainok mozio bat aurkeztu zuen Konstituzioaren 53. artikuluaren aldaketa bertan behera utz zedin, aurrera egin ez zuena.

Eztabaidan bere talde bereko diputatu bretoiaren -Marc Le Fur- zuzenketa ere atzera bota zen. Euroitunaren berrespenaren bultzatzaile nagusietakoa bada ere, ez dator bat Jean-Jacques Urvoas sozialistak eta bere alderdiko beste diputatuak aurkeztutako testuarekin.

Le Furek uste du gehikuntza horrek «mugak» ekar diezazkiekeela hizkuntza gutxituei, hain zuzen ere hizkuntzen alde diharduten elkarteek berek uste dutena.

Finean, joera politiko desberdinetako diputatuen artean gai honi buruz dagoen zatiketa islatu zen herenegun hasi eta atzoko ordu txikitan amaitutako eztabaidan.

Asanblea Nazionalak datorren asteartean bozkatuko du ofizialki Urvoasek aurkeztutako testua. Hor neurtuko da zenbaterainoko babesa duen. Hain justu, Gobernuaren helburua hori litzateke; diputatuen eta senatarien 3/5en sostengua bermatua duela egiaztatzen badu, lege-proiektua bilakatuta, berak aurkeztuko luke orduan.