M.I.

Leitza, Sunbilla, Oronoz eta Berroeta mozorroek hartuko dituzte inauteriei hasiera emateko

Ostegun gizena otsailaren 27an izango da aurten, baina lehenago ailegatu dira inauteriak hainbat herritara. Uitzira urte berrian sartu orduko; Elgorriaga, Eratsun eta Anizera geroxeago; eta asteburu honetan, bertzeren artean, Leitza, Sunbilla, Oronoz eta Berroetan itxuraldatuko dira. Astelehenean eta asteartean, aldiz, Zubieta eta Iturengo joaldunen txanda izanen da.

Anizko gazteak Berroetara joanen dira bihar eta denek elkarrekin gosaldu ondotik etxez etxe ibiliko dira puskak biltzen, aurreko astean Anizen egin zuten gisan. Gaur, baserriak bisitatuko dituzte. Oronozen, puska biltzea atzo hasi zen baserrietan. Gaur herrian ibiliko dira eta bihar Zozaian.

Leitzako atsaureak

Alke kultur elkartea eta Leitzako Inauterizaleak taldea 1936ko gerra aitzineko jaiak berreskuratzeko lanean ari dira. Herriko zaharrekin solas egin, istorio bitxiak ezagutu, eta urtero pertsonaia bat berpizten dute. Aurten, zankoduna. Alkeko Fernando Oiartzunek GARAri kontatu dionez, hiruzpalau zankodun ateratzen ziren orain dela 60 edo 70 urte; bat ardi larrua gainetik jarrita, bertzea oilar lumekin egindako txano luze batekin, bertze bat zakuekin burua estaliz, monjeen itxura hartuz... Aurpegia margotu eta gainetik trapua jartzen zuten, inork ez ezagutzeko.

Pertsonaia hau eta bertze hainbat atsaure ibiliko dira astearteko desfilean, 18.30ean. Mozorroari hala deitzen diote Leitzan, «atsaure», atso-agure. Mozorrotzeari «atsauretzea» erraten diote, emakumeak gizonez eta gizonak emakumez janzten zirela azaltzeko, gutxiago baina lehen ere emakumeak inauterietan ateratzen baitziren. Bihartik asteartera non gozatua izanen da herri honetan. Bertzeak bertze, astelehenean baserrietan ibiliko dira puska biltzen.

Sunbillan gaur aterako dira eskean, eta Emakumeen Afaria eginen dute, gizonek zerbitzatua. Igandea izanen dute egun handia, karrozen desfilearekin.