EDITORIALA
EDITORIALA

Lan egokiaren saria, giza kalterik eza

Euskal Herriko kostaldea alderik alde astindu zuen itsas denboraleak kalte larriak eragin zituen. Hala ere, kalte materialak hain handiak izanda, ez zen inor zauritu ere egin, eta hori, zoritxarrean ere, pozteko motiboa da, horrelakoetan giza kalteak ere deitoratu behar izaten baitira, eta haiekin batera kalte horiek saihestu edo gutxitu zitezkeelako sentsazioa edo are nabaritasuna ere. Eskuarki, horrelako ezbeharrei erakundeen aurkako kritika gogorrek jarraitzen diete, prebentzio neurririk ez hartzeagatik edo zabarkeriaz jokatzeagatik. Ez da asteburu honetako itsas zartadaren aurreko jokaeraren kasua, eta bidezkoa da jokaera egokiak aitortu eta txalotzea.

Izan ere, denboraleak giza kalterik eragin ez izana ez da kasualitatearen ondorio izan, ondo egindako lanaren ondorio baizik. Prebentzioa, erakunde arteko koordinazioa... ardura. Itsas ekaitzak gogorrenik kolpatu zituen herrietako biztanleek txikizioa ikusi zuten atzo esnatutakoan, baina izan zen ordu arte txikizioa handiagoa ez izateko lanean jardun zuenik. Donostian, esate baterako, Udala aurreko egunetik hasi zen arrisku handieneko guneak seinalatzen, zenbait lagun beren etxebizitzetatik atera eta aterpea eskaini zien, atzo goizeko 09.00etarako kaltetuentzako arreta bulegoa zabalik zuen... Alerta egoera ez baita arriskua iragartze hutsa, hari aurre egiteko neurriak abiatzea baizik; lana, hain zuzen. Eta lan ona egin dute guztiek. Orain, lan horrek segida egokia izan beharko luke. Gasteizko Gobernuak atzo esan zuenez, kalteei aurre egiteko laguntzak aztertzen hasi da; izan ere, horien eta beste batzuen beharra -hala nola kaltetutako herriak hondamen-eremutzat jotzea- egongo da.

Horrelako txikizioak gertatzen direnean, debate zahar bat -baina ez zaharkitua, naturak aldian behin gogorarazten duenez- berpiztu ohi da, naturak jasotzen dituen erasoen gainekoa. Adibide gisa, orain aspaldi ez dela Donostiako udal gobernuak kritika gogorrak jaso zituen Monpaseko pasabidea baztertzeagatik, baina orduan inork gutxik zuen aurreko denborale gogorra gogoan. Itsasoak, lehenago edo geroago, kendu diotena berreskuratzeko ahaleginak egiten ditu, eta berandu denean, kalteak -askotan konponezinak- saihetsezinak dira.