GARA TEHERAN

Teheranek «aukera historikotzat» jo ditu negoziazio berriak

Teheranek eta 5+1 Taldeak hitzarmena adostu zuten Irango programa nuklearra mugatzeko, eta bere garaian Asiako herrialdeari ezarritako isunetako batzuk bertan behera utzi dituzte, irandarren mesederako.

Mohammed Javad Zarif Irango Atzerri ministroak sekulako garrantzia eman die aurki berriz hasiko diren negoziazioei. Atzo adierazi zuenez, «alferrik galtzen utzi ezin daitekeen aukera historikoa da» hilaren 18an 5+1 Taldearekin (Txina, AEBak, Estatu frantsesa, Britainia Handia, Errusia eta Alemania) egingo duten bilera.

IRNA Irango berri agentziak eskainitako informazioaren arabera, Atzerri ministroak uste du ezin dela baztertu negoziazio horietan behin betiko akordioa adostea, baina horretarako mahaiaren beste aldeko negoziatzaileek «ilusio faltsuak» alde batera utzi behar dituzte, hau da, onartu beharko dute Teheranek bere egitasmo nuklearra ez duela erabat geldiaraziko. «Mendebaldekoen ilusio horrek eragotzi zuen lehen ere akordio zabal bat sinatzea», Municheko Segurtasun Konferentziaren azken egunean adierazi duenez.

Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak (IAEA) baieztatu zuen uranio aberastuaren produkzioa %20ra murriztu duela Iranek, eta Europar Batasuneko Atzerri ministroek erabaki zuten Iranen kontra hartuak zituzten zigor neurriak kentzea: Iranen petroliorako garraio eta aseguru zerbitzua ematea, urrearekin eta beste harribitxi batzuekin Iranekin negoziatzea eta Irango gai petrokimikoak erostea.

Erabaki horiek dagoeneko mesede egin diete irandarrei, Irango diplomaziaren buruak Euronews telebista kateari esan dionez. Gatazkaren eraginez izoztu zizkieten 4.200 milioi dolarretako 550 milioi jaso dituzte dagoeneko. Baina zauriak odoletan jarraitzen du. Mohammed Javad Zarif Atzerri ministroak adierazi duenez, «hasteko, isun horiek legearen kontrakoak ziren, baina mundu horri bost axola legeak».

Iranek eta AEBek Munichen atzo bukatu zen Segurtasun Konferentzian gatazka nuklearraren inguruan adierazpenak egiteko aukera izan zuten.

John Kerry AEBetako Estatu idazkariak Irango Atzerri ministroarekin bildu ondoren esan zuenez, garrantzitsua da hurrengo bileran (Vienan NBEak duen egoitzan egingo da) bi aldeek «fede onez negoziatzea». Gainera, aldeek eutsi egin behar diete orain arteko negoziazioetan hartutako konpromisoei. Bitartean, AEBek orain arteko isunei eutsiko diete.