GARA

Foro Sozialaren gomendioei bultzada eman diete Europako Legebiltzarrean

Joan den urteko maiatzean, hamabi gomendio eman zituen bake prozesua garatzeko helburua duen Foro Sozialak. Orain, hainbat elementu berri tarteko direla indar berria hartu dutelarik, Europako Legebiltzarrera eraman dituzte, jardun berezi baten bidez.

2006az geroztik gatazka konpontzeko Euskal Herrian egiten diren ahaleginen alde lanean diharduen Friendship-en eskutik, urrats berri bat egin da Europako Legebiltzarrean. Atzo bilkura berezi bat egin zuten Estrasburgoko areto batean, Foro Sozialak kaleratutako hamabi aholkuen berri emateko eta horiekiko atxikimenduak jasotzeko.

Gomendioak iazko maiatzean kaleratu zituen Foro Sozialak, martxoan mundu osoko adituak Bilbora eta Iruñera ekarri ondoren eta euskal eragile ezberdinen eta herritarren artean proposamenak bildu ostean. Hala, prozesua trabatzen ari zen blokeo egoera gainditzeko bide berriak marraztu zituen Foroak. Geroztik, mahai gainean egon dira hamabi ondorio horiek, baina azken aste hauetan jaso dute bultzada handiena. Batetik, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak abenduaren 28an kaleratutako adierazpenaren bidez, Foroak proposatutako irizpideak bere egin baitzituen. Bestetik, Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordea aurkeztu du Foroak, gomendio horien kudeaketan aurrera egiteko.

Testuinguru honetan, hamabi proposamenak Europako Legebiltzarrera eramateko erabakia hartu da, eta horixe egin zuten atzo. Hainbat eurolegebiltzarkide eta legebiltzarkideen taldeetako kideekin bilera irekia izan zen Estrasburgon. Paul Rios Lokarriko arduradunak eta Nazario de Oleaga Bake Prozesua Bultzatzeko Batzordeko kidea izan ziren hizlari. Egoerari buruzko zehaztapenak eman zituzten, tartean hamabi gomendioen nondik norakoak.

Talde gehienetako ordezkariak hurbildu ziren ekitaldi honetara, Friendship-ek nabarmendu zuenez: Europako Alderdi Popularra, Sozialista eta Demokraten Aliantza Aurrerakoia, Demokrata eta Liberalen Aliantza, Europako Aliantza Askea/Berdeak eta Europako Ezker Batua.

Hainbat parte hartzailek bake prozesua bultzatu eta laguntzeko prestasuna agertu zuten, eta aldi berean eskaera egin zieten bai Europar Batzordeari bai eta Europako Legebiltzarrari ere, prozesu honen alde egin dezaten horiek ere.