GARA MALAGA

Fiskaltzak ikertu egingo ditu Sebastian kardinalak homosexualei buruz esanak

Fernando Sebastian kardinalak homosexualitatearen kontra egin zituen adierazpenak ikertuko ditu Malagako Fiskaltzak. «Tratamendu egokiarekin berreskuratu daitekeen gabezia» dela esan zuen elizgizonak.

Malagako Fiskaltza Probintzialak ikerketa zabaldu du Fernando Sebastian kardinalak homosexualitatearen kontra esandakoengatik. Vocento taldeko «Sur» egunkarian eginiko elkarrizketa batean Iruñeko artzapezpiku eta Tuterako gotzain izandakoak homosexualitatea arauz kanpoko egoera dela eta tratamendu egokiarekin zuzendu daitekeela esan zuen.

Juan Carlos Lopez Caballero Malagako fiskalburu probintzialak sinaturiko idazkian azaltzen denez, urtarrilaren 23an Colegas gay, lesbiana eta transexualen elkarteak paraturiko salaketa onartzen da eta ikerketa zabaltzeko erabakia hartzen da.

«Homosexual bati gabezia bat duela esatea ez da iraina. Laguntzea da, homosexualitate kasu asko berreskuratu eta normalizatu daitezkeelako tratamendu egokia erabiltzen bada», esan zuen Sebastianek elkarrizketan.

Colegas taldea, ohar baten bidez, pozik azaldu zen fiskalak hartutako erabakiarekin. «Eliza katolikoko buruek egiten dituzten gisa honetako adierazpenak artxibatuak ez diren lehen aldia da», nabarmendu zuten.

Talde horren iritziz, Sebastianen adierazpenak Estatu espainoleko legeen aurkakoak dira, duintasuna eta diskriminazio eza eskubide onartuak direlako Konstituzioaren 18. eta 14. artikuluen arabera. Horrekin batera, kardinal berriak esandakoa Kode Penalak zigortzen dituen «gorroto eta bazterkeriarako dei argia dela» ohartarazi dute.

Ildo horretatik, Andaluziako Colegas taldeko arduradun Antonio Ferrek nabarmendu zuenaren arabera, Sebastian kardinalak egindako adierazpenak eta gisa horretakoak ezin dira zigortu gabe utzi.

«Adierazpen askatasuna ezin da jendartearen zati garrantzitsu bati eraso egin eta mespretxatzeko erabili hemendik aurrera. Denbora luzea daramagu bazterkeriari, erasoei eta irainei aurre eginez», esan zuen Ferrek.

Malagako Elizbarrutiak ere ohar bat kaleratu zuen, Sebastianen hitzak manipulatuak izan direla nabarmenduz. «Ez zuen gaixotasuna aipatu. Beraz, hori egotzi diotenek haren hitzak manipulatu dituzte», gaineratu zuten.

Bestalde, emakume talde batek euren gorputzen «jabegoa» erregistratu zuen Iruñean eta Estatuko beste hainbat hiritan, erabakitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko.