Arantxa MANTEROLA

Baionako manifestaziorekin bat egin du giza eskubideen aldeko hainbat taldek

Ipar Euskal Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Batzordeak, Cimadek eta Giza Eskubideen Ligak (LDH) bat egin dute Christiane Taubira Justizia ministroa Baionan izango dela aprobetxatuz Etxeratek datorren larunbaterako deituriko manifestazioarekin.

Giza eskubideen alorrean diharduten taldeok euskal presoek pairatzen dituzten bizi baldintzak eta eskubideen urraketak salatu dituzte, batez ere Estatu frantseseko espetxeetan azken hilabeteetan gertatzen ari direnak.

Hala, Seysseseko eta Lyoneko presondegietan iaz jazotakoak gogora ekarrita, Poitiers-Vivonnekoan dauden euskal preso politikoak azken bi hilabeteetan jasaten ari diren «gehiegikeria eskandalagarriak» nabarmendu dituzte.

Segurtasuna, aitzakia

«Gaueko erronda zaratatsuak bi orduro, ziegetan argia piztua etenik gabe, presoa bertan dagoela baieztatzeak bata bestearen atzetik, isolamendu ziegetako egonaldi etengabeak, lekualdeketetan erabiltzen den bortizkeria», aipatu dituzte gehiegikerion artean.

«Segurtasuna bermatzeko neurriak» direnik ez dutela sinisten argi utzita, beren kezka agertu dute Eneko Zarrabeitia, Oier Ardanaz, Maite Aranalde, Oihana Garmendia, Alaitz Aramendi eta Izaskun Lesaka presoen osasunari buruz.

Lapurdiko hiriburura «biharko justiziaz» eztabaidatzera etorriko den Taubira ministroari «Euskal Herriari erreserbatzen zaion justiziaz gogoetatzeko» eskatu diote hiru elkarteek.

Manifestazioa, larunbatean, arratsaldeko 15.30ean abiatuko da Baionako Euskaldunen plazatik.