Aimar ETXEBERRIA

Kapital pribatua osasungintzan sartzearen aurka mobilizatuko da beste behin Tolosaldea

Osasungintza publikoa edo pribatua izan, hori da une honetan jokoan dagoena TOPAko kideen ustez. Eurek egin dute jada euren hautua eta publikoa eta kalitatezkoa izango den osasungintza baten alde protesta egitera aterako dira kalera larunbatean Tolosan.

Zita garrantzitsua dute larunbat honetan Tolosaldean bizi diren 65.000 biztanleek; eskualdeko, Andoaingo eta Legorretako alkateek manifestaziora deitu baitute osasungintza publikoaren aldeko aldarria oinarri hartuta. Aspaldikoa da afera Tolosaldean, zonalde bakarra baita publikoki gestionatua ez den eskualde ospitalerik ez duena. Egoera aztertu eta larunbateko manifestazioaren testuingurua ulertzeko, Jesus Mari Aranzegi, Jabier Arana eta Joxe Mari Mujikarekin bildu da GARA, TOPAko kideak -Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde- hirurak ere.

Asuncion klinika dago zalaparta guztiaren erdian; betidanik gestio pribatua izan duen klinika. 1994an porrot egin zuen, eta ondorioz, klinikaren zorra eta kudeaketa bere gain hartuz, Inviza SA enpresa sortu zuen Jesus Gomez Montoyak. Modu horretan, Asuncioneko aginte makilaz jabetu zen, eta mugarri bat ezarri zuen. Garai hartan, espezialitateei dagokienez bederen, erabat osatua zegoen anbulatorio bat zuten tolosarrek, eta ospitalizazioari dagokionez, bi aukera zituzten: Donostia ospitalera jo edo Asuncion klinikan ospitaleratuak izatea.

Gauzak horrela, ordea, pixkanaka anbulatorioa husten hasi zitzaizkiela ohartu ziren Tolosan, hau da, espezializazioak kentzen hasi zitzaizkiela. Izan mediku batek erretiroa hartu eta ordezkorik ekartzen ez zutelako, izan espezializazioak klinikara bideratzen hasi zirelako, disimulu handiz, anbulatorioari indarra kentzen hasi ziren, Asuncionen mesedetan betiere. Argi gorriak piztu eta TOPA sortu zen arte, 2011ko otsail inguruan.

TOPA sortu eta hilabete batzuetara eman zen Tolosaldean hain kritikatua den itun aldaketa, Inviza eta Lakuako Gobernuaren artekoa. Hitzarmen aldaketa honek areagotu egiten zuen aurrez aipaturiko anbulatorioa hustearen arazoa, osasun etxeko espezialitate guztiak kendu baitzituzten eta Tolosaldeko bizilagunei Donostia ospitalera joateko aukera ukatu baitzieten, herritar guztiak Asuncion klinikara bideratuz, eta berau klinika osagarri bat izatetik eskualdeko erreferentziazko ospitale izendatuz.

Arazoak arazo, 2011ko azaroan izandako itun aldaketaren aurreko egoerara itzultzea da une honetan TOPAren eskakizun nagusia, atzera egite hori «behin-behinekoa» izatea nahi badute ere. «Gure benetako eskakizuna klinika publifikatzea da, hau da, beste eskualdeek dituzten zerbitzu berak izatea. Beraiek ere eskatzen duten gauza bat da», diote. Ildo horretan, aurreko egoera oraingoa baino «hobexea» dela gaineratzen dute, «horregatik egiten dugu eskakizun hori».

Honi guztiari Lakuak eta Invizak akordioa berritu zutenean egin zioten agintza gehitu behar zaio, aldaketarekin beste eskualdeek duten egoerarekin parekatuko zituztela agindu baitzieten. «Baina egoerak okerrera egin duela iruditzen zaigu; eta ez, saldu ziguten bezala, hobera», salatzen dute.

Gestio pribatua duen klinika publikoa

Euro baten truke hartu zuen klinikaren gestioa bere gain Montoya jaunak, Asuncionek lau milioi euro inguruko zorra zuenean. Hogei urte pasatu dira jada eta zorrak bere horretan jarraitzen du, klinikak porrot egiteko itxurarik gabe, gainera. Baina nola izan daiteke hori?

Ongi baino hobeto dakizkite TOPAko hiru lagunek Montoyak erabiltzen dituen trikimailu guztiak. Enpresen Sustapenerako Sozietatearen figura erabiliz, klinika eta honen inguruko hainbat elementu kudeatu izan ditu gaur arte enpresa ezberdinen bidez. Lakuarekin berritutako itunaren arabera, Inviza enpresaren irabazien arabera joan behar zuen Gizarte Segurantzarekin, Gipuzkoako Ogasunarekin eta Fogasarekin dituen zorrak itzultzen, urtez urte proportzionalki handitzen joango zelarik itzuli beharreko diru kopurua. Egun, Inviza enpresaren irabazien %75a itzuli behar du, baina zein da kontua? Irabazirik ez dagoela, ez behintzat Asuncion klinika gestionatzen duen Inviza enpresan. Hala, hogei urte pasa badira ere zorra itzultzea bere gain hartu zuenetik, honek lau milioi euro ingurukoa izaten jarraitzen du.

Klinika gestionatzen duen Inviza enpresaz gain, Yatpinde enpresaren jabe ere bada, bere amarauneko enpresa nagusia izango litzatekeena. Montoyak kontrolatuko luke sozietate honen %99,92a, falta den zatia bere emaztearen eta euren hiru seme-alaben artean banatuta dutelarik. Horrekin batera, beste bi elkarte ditu bere gain, batez ere Invizarentzat lan egiten dutenak: Geusa eta Asistencia Medica Tolosa. Ildo honetan, Yatpindek Geusaren %100a kontrolatzen du eta Invizaren %33,64a. Geusak, aldiz, Invizaren %44,54a du bere gain, eta Asistencia Medica Tolosaren %40a, gainerako %60a Invizarena delarik, modu horretan koadroa itxiz. Montoyaren helburua Invizak etekinik ez izatea da, zor guztia Geusan pilatuz.

«Honek adierazten du ze jende mota dagoen gure osasunaren atzean», agertzen dira kexu TOPAko kideak. «Montoyaren helburu bakarra diru etekinak lortzea da. Gure osasunarekin ari da dirua egiten», gaineratzen dute. Eredu kontua da jokoan dagoena hiruren ustez. Ildo horretan, agintean daudenen ahotik ereduak garrantzirik ez duela aditzeaz «nazkatuta» daudela salatzen dute, kontu batean arrazoia eman beharrean badira ere; jendeak ez du ordaintzen klinikara joateagatik. «Horretan arrazoia dute, baina ez da egia ordaintzen ez dutenik», diote. Izan ere, kontua gehiago nahasteko, aipatu Asuncionen diru sarreren %95a diru publikoa dela, Lakuako Gobernuak ordaintzen diona. Horren aurrean, honako galdera luzatzen dute TOPAko kideek. «%95a diru publikoa bada, zergatik ez dute gestioa ere publifikatzen? Bezero bakarra publikoa da».

Ildo horretan, politikari denak osasungintza publikoaren alde agertzen diren arren, mundu hau negozio iturri izan daitekeela sinetsita daudela ohartarazten dute: «Horregatik esaten dugu edo Tolosakoa gelditzen dugula edo hau denera zabalduko dela». Eskuinak egin duen apustu estrategiko baten aurrean aurkitzen direla uste dute, zeinaren bidez esku pribatuaren kapitala osasungintza publikoan txertatzen joatea nahi duten. Horregatik, sinetsita daude Tolosaldekoa esperientzia pilotu bat dela, eta ondo ateratzen bazaie, beste eskualde batzuetara zabalduko dutela. Eta gauzak horretan direla, galdera bat dute buruan bueltaka hirurek, erakunde ezberdinetatik -baita Lakuako Gobernutik ere- konpartitua dena: «Zergatik da gurea gestio publikoko eskualde ospitalerik ez duen zonalde bakarra? Zergatik gu artaldeko ardi beltza?». Oraingoz, behintzat, erantzunik ez.

Instituzioak, mutu

Sarri jo izan dute instituzio publiko ezberdinetara pairatzen ari diren egoeraren aurrean erantzun bat jaso nahian. Hainbat ate jo dituzte, eta halakoak izan dira jasotako erantzunak, denetarikoak. Duela urte eta erdi inguru Gasteizko Legebiltzarrean izan ziren, Tolosaldeko osasungintzan dagoen arazoaren berri emateko.

Pasa den azaroan ere errepikatu zuten Gasteizko bidaia. Bilduko legebiltzarkideena izan ezik, besteen partetik jarrera «lotsagarria» izan dela salatzen dute: «PPkoa zerura begira egon zen bilkura guztian zehar, ea berau noiz amaitzen zen; UPyDkorik ez zen agertu ere egin; PSEkoak arazoa mahai gainean `aspalditik' zegoela esan arren, konpontzeko zer egin ez zekitela esan zigun; eta EAJkoak Montoyak klinika saltzeko asmorik ez duela adierazi zigun, jakingo ez bagenu bezala».

Horregatik, jaso duten babesa, batez ere, Tolosaldeko, Andoaingo eta Legorretako alkateena izan dela azpimarratzen dute, herritarren partetik jaso dutena albo batera utzi gabe. Jada urtebete baino gehiago igaro den arren, ez dute ahazten bere garaian abiatutako sinadura bilketa. 19.000 firma lortu zituzten publikoki gestionatua izango den eskualdeko ospitale baten alde. Era berean, Tolosan azken urteetan izan diren mobilizazio handienen deitzaile izan direla nabarmentzen dute. «Afera honek luze jo dezakeela ikusten dugu, baldin eta herritik nahikoa presio ez bada egiten. Alderdi politiko ezberdinak oso eroso aurkitzen dira egoera honetan eta hauteskundeen testuinguruan bakarrik jartzen dira apur bat urduri», onartzen dute. Egiten dituzten batzar guztietan 120 lagun elkartzen direla-eta gustura dira; «bada zerbait». Hala ere, borroka hau irabazi ezean etor litekeenaz jendea ez dela jabetzen uste dute.

Finean, kaltetuak herritarrak izango direla adierazten dute. TOPAk egin duen ikerketa baten arabera, 360 langile izan behar zituen Asuncionek, gestio publikoa duen beste eskualde ospitale batek bezala, baina 240 baino pixka bat gehiago ditu. «Horrek ze esan nahi du, sendagile gutxiago artatzeko, itxaron zerrendak luzeagoak, kontsultak denbora gutxiagokoak, erizain gutxiago plantan...», diote, gordin. Gainera, espezialista modura lanean ari diren batzuek horretarako eskumenik ez dutela gaineratzen dute, Lakuako Gobernuak 2013ko abenduan kaleratu duen txosten batean jasota geratzen den kontu bat izanik. Osakidetzan erretiroa hartuta dauden hainbat mediku ere lanean dituztela salatzen dute.

Larunbatean, manifestazioa

«Ez dugu gure dirua gizon purtzil -Montoyari erreferentzia eginez- horren poltsikora bideratu nahi. Eskualdean gestio publikoa izango lukeen ospitale bat nahi dugu, ez besterik. Beste eskualdeek dituzten baldintza berak izan nahi ditugu», laburbiltzen dituzte TOPAren helburuak. Baina, era berean, osasungintzaren pribatizazioa gelditzea nahi dutela gaineratzen dute, hori baitago euren ustez jokoan. «Tolosaldean abiatu duten proba pilotua ondo ateratzen bazaie, leku guztietara zabalduko dute; garbi izan behar dute hori euskal herritarrek», ohartarazi dute.

Ildo horretan, mugarri izango dute larunbateko manifestazioa, etorkizunera begirako borroka eta lan ildoak zehaztera behartuko dituzte-eta. Hein horretan, 42 eragile sozialen atxikimendua jaso du eskualdeko 30 alkatek osasun publikoaren alde eginiko deialdiak. Mobilizazioa 12.00etan irtengo da Triangulo plazatik, «Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa» lelopean, eta agerraldia egin zuten atzo deialdira atxiki diren 42 eragileetako kideek. CCOO eta Bilgune Feministako kide banak irakurri zuten testua, agerraldian eragile oso ezberdinak aldarrikapen beraren itzalean elkartu zirela aldarrikatuz, guztiak osasungintzaren kudeaketa publikoa defendatuz. «Gure lan esparrua dena dela, euskara edota langileen eskubideen defentsa, argi dugulako eskualdeko herritarrontzat kalitatezko osasun arreta bermatzeko era bakarra zerbitzu erabat publikoa izatea dela», adierazi zuten.

Hala, herritarren osasuna interes ekonomikoen «menpe» egoterik ez dutela nahi gaineratu zuten, eskualdearentzat pertsonak eta zerbitzu «bikain» bat ardatz izango dituen osasun zerbitzu publiko bat aldarrikatuz, «Euskal Herriko beste edozein eskualdetan bezala». Horregatik, eta herritar guztiei -Tolosaldekoez gain deialdia Euskal Herrira zabalduz- jokoan «asko» dagoela esanez, larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu zuten. «Tolosaldeko osasun zerbitzua da jokoan dagoena, baina garbi eduki dezagun eskualde honetan egiten ari direna osasungintzaren pribatizazioaren proba pilotu bat dela, eta ondo ateratzen bazaie, zabaldu nahiko dutela», nabarmendu zuten, TOPAko kideek emaniko ohar bera azpimarratuz. «Beraz, irudika dezagun denon artean larunbatean, kaleak jendez beteta daudela, gure osasuna dagoela jokoan eta kalitatezko zerbitzu erabat publikoa nahi dugula», aldarrikatu zuten.