GARA

Errauste planta dela-eta, hilean 300.000 euro ordaintzen dela jakinarazi dute

Errauste-plantaren aurkako koordinakundeko kideek La Caixak eta Banestok Donostian dituzten sukurtsalen aurrean elkarretaratzea egin zuten, banku entitateok, Zubietan egitekoa zen errauste planta dela-eta, hilean 300.000 euro kobratzen segitzen dutela salatzeko.

Gipuzkoak ordaintzen jarraitzen duen diru kopuru hori bere garaian EAJk aipatu bankuekin sinatu zuen «swap» produktu espekulatiboaren ondorioa dela diote eta, ildo horretan, hil honetan egingo den epaiketa izan zuten hizpide, non GHK-k La Caixa eta Banestoren aurka jarritako salaketa aztertuko den.

Gauzak horrela, Bilduk eta Aralarrek GHKren jarduna aztertzen duen batzordea utzi zuten atzo, gainerako alderdiek beronen erabilera «alderdikoia» egiten dutela salatzeko.