J.L.

Saint Martin de Hinxen abiatuko da Berezkoen Binakako Txapelketa

Landetan, Saint Martin de Hinxen, abiatuko da Berezkoen Binakako Txapelketa. Zortzi bikote dira izatekoak, baina oraindik ikusteko dago denak egongo diren edo ez. Joan den igandean jokatu zen Buruz Buruko finalaren ostean, Waltarik ez zuela parte hartu nahi esan zuen.

Orduan, galdu izanagatiko kasketa zela zirudien, baina baliteke lesioren bat ere izatea. Kontuak kontu, oraindik ez dago ezer baieztatuta eta laster erabaki beharko du zerbait; izan ere, Kubakoak lehen partida datorren astean jokatu beharko luke.

Txapelketa honetan hiru partida daude iragarrita Euskal Herritik kanpo jokatzeko, eta gaurkoa izango da horietako bat. Lanbert anaiak arituko dira alde batetik, eta bestetik, berriz, Bielle eta Lazkano izango dira. Ez da ikusmin handia piztu duen norgehiagoka horietako bat, baina kontuan hartuta Landetan profesionalen partidarik ia ez dela izaten, pentsatzekoa da inguruko jende asko joango dela 17.00etan hasiko den partida ikustera.

Lanbert anaiak dira garaipena lortzeko faboritoak, eta garrantzitsua izango da, gainera, lehen partida irabaztea, ustez, multzoko bi bikoterik ahulenak bi hauek baitira. Beste biak, Waltari eta Kurutxari, Kubakoak jarraitzen baldin badu, behintzat, eta Sorhuet eta Etxeto dira.

B multzoan, berriz, bihar hasiko dira lehiatzen, eta hemen bai jadanik izan da aldaketa bat; izan ere, Amuletek min hartu du eta ez da arituko. Bere ordez Pello Ducassou arituko da. Itsasukoak Intxauspe izango du lagun aurrean, eta aurrez aurre, berriz, Larretxea eta Harizmendi izango dira. Norgehiagoka 17.00etan hasiko da Armendaritzeko trinketean. Azkeneko bikote hau aterako da irabazteko faborito, zaleen ustez finalerdietan izan beharrekoak baitira.