GARA

Darpon: «Tolosaldeko osasun arreta gainerakoan ematen dena bezain ona da»

Tolosaldean osasun arreta publikoaren gaineko gatazka pil-pilean dagoela, Tolosako anbulatorioan eta Asuncion klinikan izan zen atzo Jon Darpon Osasun sailburua, eta eskaintza gainerakoan bezain ona dela esan, eta gezurrak oinarri dituen kanpaina bat dagoela salatu zuen.

Lakuako Gobernuko Osasun sailburu Jon Darpon Tolosako anbulatorioan eta Asuncion klinikan izan zen atzo, Tolosaldeko 30 alkatek deituta egin zen manifestazio jendetsua izan eta zortzi egunera. Bertako osasun arreta defendatzeko egin zuen bisita eta eskualdeko osasun arreta Osakidetzak gainerako eskualdeetan eskaintzen duena bezain ona dela adierazi zuen, nahiz eta bertako bizilagunen kexa nagusia hori izan.

Ildo horretan, interes «alderdikoietan» eta «faltsukeriatan» oinarritutako kanpaina bat martxan dagoela salatu zuen, eskualdeko biztanleei ematen zaien osasun arreta publikoaren izena «zikintzea» beste asmorik ez duena.

«Euskal osasuna publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa da eta izango da, hala Tolosaldean, nola Euskadi osoan», azpimarratu zuen, osasun sare publikoa, «arretari eta eskuragarritasunari dagokionez», osasun sistema onenen jabe diren Europako herrialde mugakideen «parekoa» dela gaineratuz.

Asuncion klinikari dagokionez, bertako profesionalak Osakidetzako gainerako langileak bezain gaituak direla berretsi zuen, baita klinikaren zerbitzu kalitatea gainerako ospitale eta zentroetan erabiltzen dituzten parametro berberen arabera ebaluatzen dela. TOPA Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde taldeko kideek GARAri eman zioten informazioaren arabera -eta hainbat sententziatan jasota dagoen moduan-, aldiz, Asuncionen espezialistak ez diren medikuak espezialisten lanak egiten ari dira eta Osakidetzan erretiratuta dauden pertsonak klinikan lanean ari dira. Darponen esanetan, ordea, zentroan eginiko azken inkesta baten arabera, galdekatutako pertsonen %95 jasotako zerbitzuarekin «pozik» agertu dira.

Gauzak horrela, errealitatea «desitxuratzea» leporatu zion TOPAri, eta nahi horren atzean dauden arrazoien gainean galdetu zuen.

Alkateak Legebiltzarrera

Hilaren 15eko manifestazioa deitu zuten alkateen agerraldia eskatu zuen EH Bilduk Gasteizko Legebiltzarrean, jasotzen duten osasun arretari buruz duten iritzia eman dezaten. Hala, joan den otsailaren 21ean egin zen agerraldi eskaera. Darponen bisita «herriaren ordezkari zuzenak diren -Tolosaldeko alkateei erreferentzia eginez- pertsonen izena eta lana zikintzeko saiakera antzua» izan dela esan zuen koalizioak. «Darpon ez da bere karguaren mailan egon», gaineratu zuen. Ildo horretan, agerraldia egingo dute bihar alkateek, bisita baloratzeko.