GARA DONOSTIA

Emakume bat erreskatatu dute olatuetatik eta alarma gorria ezarri dute gaurko

Emakume bat erreskatatu beharrean suertatu ziren atzo Donostian, olatuek uretara eramateko zorian zegoen unean. Hala, alarma gorria ezarri dute gaurko, olatuak direla medio, euskal kostalde osoan.

Olatuak dira, berriro ere, protagonista gurean. Ederki daki horren berri atzo goizaldean Donostian erreskatatu zuten 33 urteko emakumeak. Olatuak zirela-eta, itsasora erortzeko zorian izan zen, eta baranda bati gogor heldu beste irtenbiderik ez zitzaion geratu.

Ondarreta eta Kontxako hondartzen artean jazo zen ezbeharra, Loretopeko muturrean (Pico de Loro), Lakuako Segurtasun sailak aditzera eman zuenaren arabera. Ertzaintza izan zen emakumea zegoen lekura gerturatzen lehena, suhiltzaileak izan baziren ere emakumea estutasunetik atera zutenak, soka bat jaurti eta emakumeak gogor helduta atera baitzuten.

Erreskatea amaituta, Donostia Ospitalera eraman zuten emakumea, hipotermia sintomekin.

Gauzak horrela, itsasoaren egoerak gaur okerrera egingo duela dirudi. Euskal kostalde osoa alarma gorrian dago, hamar metroraino irits daitezkeen olatuak direla kausa. Hala eman zuen aditzera Lakuak. Gauza beltz iragarri zuen, gainera, Segurtasun Sailak, joan den otsailaren 2ko denboralea baino gogorragoa izango dela iragarri baitu. Atlantikoan kokatzen den depresio sakon bat izango da, antza, erruduna, eta horri marea biziak gehituta, ziurtatuta daude olatu handiak.

Meteo Consult-en aurreikuspenak ere antzekoak dira. Alarma gorria aipatzen du honek ere, eta «muturreko arriskua» iragartzen du kostaldean.

Eguneko lehen orduetan alerta laranja izango bada ere, arratsaldeko lauretatik aurrera gorria izatera pasako da eta zazpi eta hamar metro arteko olatuak «bat-batean» sortzea espero da. Itsasgora, aldiz, 18.15ean izango da, ikusminak goia joko duen unea.

Olatu handienek, ordea, -gauerdirako espero direnak- itsasbeherarekin bat egingo dute eta, ondorioz, ez da kalte handirik espero.

Itsaso inguruak itxita Getxon

Getxoko Udala hasi da jada denborale honek ekar lezakeenaren aurrean neurriak hartzen. Hala, hedabideei igorritako prentsa ohar batean azaldu zuenaren arabera, gaur 16.00etatik aurrera itxi egingo dituzte itsasotik gertu geratzen diren gune guztiak. Segurtasun irizpideak jartzen dituzte erabakiaren oinarri eta, ondorioz, ez da Ereagako kaira gerturatzerik izango, ez eta hondartzako pasealekura eta Arrigunaga eta Azkorri hondartzetara ere.