IKUSMIRA

Iruzur fiskala azaleratzeko lanaren emaitza ona

Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun Batzordeak iruzur fiskalaren aurkako planaren 2013ko balantzea egin zuen atzo. Helena Franco Ogasuneko foru diputatuak bertan eman zituen datuen araberako emaitza albiste ona da, herritar guztien diruari dagokion praktika azaleratzea ona ez ezik beharrezkoa ere bada eta. Iruzur fiskala azaleratzea ezin daiteke albiste ontzat jo, jakina, herritar gehien-gehienak kaltetzen baititu, zenbait iruzurgileren jokaera gainerako guztientzako zama izaki. Albiste ona da, ordea, iruzur hori azaleratu eta zuzentzea, gehienen zama gehigarri hori desagertze aldera. Zentzu horretan, beraz, ona da, eta hori lortzeko neurriak, beharrezkoak.

Joan den urtean 394 milioi euroko zorra azaleratu zuen Gipuzkoako Ogasunak, 2012an baino %2,2 gutxiago, urte hartakoa 403 milioikoa izan baitzen. Iazko datuen arabera, azaleratutako zorraren zatirik handiena Sozietateen gaineko Zergari dagokio, 139 milioi, hain zuzen; BEZari, 119 milioi; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari, 109 milioi, eta Ondarearen gaineko Zergari, bost milioi. Gipuzkoar guztiei ostutako kopuru mardula eta, bistan denez, azken urteotan Diputazioak hartu dituen neurriei esker berreskuratuko dutena. Neurri horiek, hortaz, ez dira alferrikakoak izan; aitzitik, azken bi urte eta erdian egindako lanak fruituak eman ditu, eta bidezkoa da hala onartzea.