Xabier Kintana
Euskaltzaina
KOLABORAZIOAK

Sopela? Baina ez da beti Sopelana izan ala?

Kontua da udalerri horretako eta inguruetako herritar euskaldun guztiek beti Sopela forma erabili eta erabiltzen dutela beren ohiko elkarrizketetan

Aurreko asteetan prentsan irakurri dugunez, Bizkaiko udal batek bere izen ofiziala aldatu du. Oraintsu arte erdaraz ofizialki Sopelana deitzen zenak, jada, Udalaren erabakiz, Sopela euskal izena hartu du ofizial. Oro har, jendeak ondo hartu du erabaki hori baina aldaketagatik galdetu zaienean pertsona batzuek nolabaiteko harridura ere erakutsi dute: «Yo siempre la he conocido como Sopelana» gaineratuz. Gauza bera esan zitekeen lehenagoko Lejona edo Fruniz formez ere (aspaldian ofizialki Leioa eta Fruiz bilakatuak). Eta egia da, baina ez egia osoa. Pertsona horiek, zalantzarik gabe, Sopelana izena entzun, ikusi eta erabili dute, oraintsu arte, baina gauza bat ahaztu barik: «beti ere erdaraz egitean» gaineratuz.

Kontua da udalerri horretako eta inguruetako herritar euskaldun guztiek beti Sopela forma erabili eta erabiltzen dutela beren ohiko elkarrizketetan: Sopelan bizi da, Sopelara noa, Sopelatik hona etorri gara... eta sekula ez Sopelana erdarakada. Horrexegatik, hain zuzen, erabaki du udalak, Euskaltzaindiaren diktamenari kasu eginez, Bizkaiko Uribe Kostako herri horri bere euskal izen jatorra ofizialki bihurtzea.

Eta ez da kasu bakarra.Gauza bera egin dute, adibidez, Bizkaiko Fruiz, Galdakao, Laukiz, Leioa, Lemoa, Lemoiz edo Otxandio-ko Udalek ere. Herri-izen guztiotan, apur bat begiratuz gero behintzat, ondo konturatuko garenez, fonetika-fenomeno bera gertatu da: bokal arteko -n- kontsonantea galdu da. Eta horrelako kasu asko aurkitzen ditugu, gainera, Euskal Herriko geografia osoan ere: Arabako Miñao (erdaraz Miñano), Zerio (erd. Ceriano), Gipuzkoako Arroa (erd. Arrona), Oikia (erd. Oiquina), Lazkao (erd. Lazcano) edo Nafarroako Alduate (erd. Aldunate), Dorrao (erd. Torrano) edo Taxoare (erd. Tajonar). Ageri denez, bokal arteko n sinpleak galtzeko joera hau oso zabaldurik dago euskaraz... eta portugaleraz ere bai. Izan ere, gaurko Lisboa lehenagoko Lisbona formatik dator, eta hala esaten eta idazten zen antzinako gaztelanian. Gogoan izan, bestalde, ingelesek eta frantsesek antzinako n hori oraindik gordetzen dutela (ingl. Lisbon, fr. Lisbonne).

Gurera itzulita. euskal filologiak irakasten digunez, euskara zaharrak bi n mota zituen. Bata gure oraingo n modukoa ei zen, eta eboluzioaz gaurko euskaran desagertua da (koroa < corona, katea `cadena' < catena, limoi < limone), ardao < *ardano edo h hasperendu bilakatu da iparraldeko euskalkietan: ahate < lat. anate, ohore

Euskaldunok, zoritxarrez, joan den mendearen azkenera arte ez dugu izan geure eskoletako irakaskuntzan hemengo hizkuntza eta bere historia jatorrak ikasteko aukerarik, eta, horren ondorioaz, bidezkoa izan ez arren, ulertzekoa da gure jende gehienek bertoko kultura eta tradizioak ez jakitea. Hori dela eta, herriko ondare kulturala berres- kuratzean, kasu honetan egin den bezala, udalak euskal izena ofizialki jarri duenean, komenigarria litzateke, eta herritarrek segur asko benetan eskertuko dute, aldaketa edo berrezarpen horren atzean dagoen historia ere argiro azaltzea, oraindik egin ez badute behintzat, auzo guztiek arazoa argi ulertu dezaten.

Gogoratu, bestalde, oinarrizko kultura izatea norbere inguruko gauzen berri jakiten hasten dela, eta ez dela seinale ona, adibidez, Katmandu, Manila edo Tegucigalpa mapan kokatzen bai, baina gure ohiko bizitokiaren izen jatorra zein den ez jakitea.