Floren Aoiz
www.elomendia.com
JO PUNTUA

Ezezkoa nagusi Madrilen

Estatu arrazoia mintzatu da Nafarroan eta gure kontrako auzian. Mendekua, itxikeria eta inposizioa; aro berririk izanez gero, inboluzio aroa litzateke, ez besterik

Madrilera ateratzeko unean ezagutu nuen Ferrazen erabakia. Epaiketa hasi eta segituan izan nuen Madrilen nagusitzen den giroaren beste berri zuzena, fiskalak gutxi batzuen kontrako akusazioak baztertzen zituen une berean, beste guztion kontrakoei eutsi zielako, auziaren garapenak beharturik kartzela urte gutxiago eskatzen bazituen ere.

Saioetan akusazioak ahultzen joan dira, besteak beste akusazioaren peritu batzuek akusazioak bertan behera utzi dituztelako. Joko zikina nagusitu zen hasieratik, epailegoaren buruaren lerrotze argia azalaraziz, bestalde. Arbitroa erosita izaten dira Espainiako Erresumaren Auzitegi Nazionalean egiten diren epaiketa gehienak, eta gure kontrakoan, begi bistakoa izan da akusazioen akatsak ezkutatu eta konpontzeko asmoa. Jakina, justizia deitzen diote honi, eta pozik egon beharko genuke, batzuen arabera, bi eta lau urte eta erdi bitarteko zigorrak «soilik» eskatu dituelako fiskalak. Mendekuaren abokatuek, ohi bezala, 8, 10 eta 13 urte eskatzen jarraitzen dute.

Gauza esanguratsuak entzun ditugu epaiketan. Akusazioak ere aldatu dira saioen zehar, Groucho Marxen estiloan edo: akusazio hauek ditut zure kontra; erortzen badira, baditut beste hauek ere. Baina aditutakoen artean ideia batekin geldituko naiz, Nafarroan gertatzen ari denarekin erabat lotuta ikusten dudalako. Argi esan zuen fiskalak bere ondorioak azaltzen zituelarik, peritu batek esandakoaren kontra, denbora pasatu izanak ez dituela akusazioak ahuldu, indartu baizik. Horren atzean, jakina, aro berriaren ukapen borobila zetorren. Euskal Herrian egin diren urrats guztiek ez dute deus ere balio. Izan ere, ez dituzte aipatu, beste saioetan, soilik azkeneko hauetan, ezeztapen orokorra egiteko.

Epaiketa ETAren atentatuen artean egin izan balitz, antzera ariko zen fiskala. Bere mintzoaren gorroto eta mendeku egarria argigarriak izan dira. Batzuendako, argi ikusi dugu, errepresioak segitu behar du, eta ahal izanez gero, areagotu. «Errelatoaren» lehian zentimetro bat irabazteko jendea preso sartzeko gai dira, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna erakunde terrorista deklaratzeko kartzela zigorrak nahi dituztelako, betiere auzipetutako herriko taberna eta kultur elkarteak konfiskatuz, jakina, hau lortzeko asmoa agerikoa baita.

Eta antzeko joera ikusten dut Nafarroan. Itxikeria baino harago doaz, ateak itxi nahi dituztelako, indarrez itxi ere. Aro berrian gaudela ukatuz, aro berria zapuztu nahi dute. Agertoki berria leherrarazi nahi dute, ederki dakitelako ezin dutela sakoneko lehia politikoa ukatu, beren posizioak biluzik agertzen direlako. Ez dira demokratak, inposatzaileak baizik, eta eztabaida eta erabaki demokratikoen beldur dira. Hau da, estatu arrazoiaren arabera, Nafarroaren inguruan Ferrazek hartu duen erabakiaren funtsa.

Erregimena salbatzeko kolpe ederra jo diote erregimenari Nafarroan. Baina, batez ere, herritarren kontrako erasoa izan da: argi dago espainiar estatuaren arrazoiaren menpekoak besterik ez garela! Estatu arrazoia mintzatu da Nafarroan eta gure kontrako auzian. Mendekua, itxikeria eta inposizioa; aro berririk izanez gero, inboluzio aroa litzateke, ez besterik. Ezezkoa nagusitzen da Madrilen. Euskal Herrian baiezkoa indartzeko tenorea da, beraz!