Jon LEUNDA
Aizkora Desafioa

Olasagastiren ofizioa, erabakigarria

Lan erdiak arte ez zen alde handiegirik egon, baina gero Arriari eskuak apurtu zitzaizkion, eta Igeldoko aizkolariak ez zuen barkatu.

Joxemari Olasagastik irabazi zuen atzo Tolosako zezen plazan jokatu zen apustua. Aizkolari bakoitzak 12 oinbiko erdibitu behar izan zituen, erdibana eramanda, eta alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen zituen dirutan. Desafio honek sekulako ikusmina piztu zuen, eta hori harmailetan ere nabaritu zen, 1.500 ikusle pasa izan baitziren neurketa ikusten.

Bi aizkolariek egur gogorrak plazaratuko zituztela esan zuten, baina Olasagastik normalagoak eraman zituen. Arriak, bai, berak gogorrak eraman zituen. Desafioa bigarren zatian erabaki zen. Errezildarrari eskuak erabat puskatu zitzaizkion, eta hortik aurrera Igeldokoak bidea libre izan zuen garaipena lortzeko.

Bi aizkolariek prestakuntza bikaina erakutsi zuten, baina garaipena beteranoenak eraman zuen. Olasagasti egurrik onenekin hasi zen, eta Arria, aldiz, gogorrenekin. Beraz, hasieratik hartu zuen abantaila Igeldoko beteranoak, eta ia bi minutuko zuloa ere izan zuen alde. Hala ere, lehen zatiaren amaieran Arriak erreakzionatu egin zuen, enborrik onenetara iritsi zen, eta ez zuen asko falta izan Olasagasti harrapatzeko. Lan erdietan 38 segundoko tartea bakarrik zegoen, eta Arriak horri buelta ere eman ziezaiokeela zirudien, baina ez zen horrela gertatu.

Olasagastik fin eta bikain jarraitu zuen lanean, eta Arriak, aldiz, ezin zuen bere eskuekin lanik behar bezala egin. Urte asko eman du aizkora utzita, eta orain kolpean lan asko egin du, baina eskuek ez diote erantzun. Gauzak horrela, Igeldokoak lanean jarraitu zuen, eta garaipena seguru zuela ikusi zuenean, lasai jardun zuen lanean, ez baitzegoen inongo marka egin beharrik irabazteko.

Arriak, aldiz, benetako sufrimendua izan zuen azkeneko enborretan, eskuetan min baitzuen. Berak esan zuenez, behin baino gehiagotan uztea ere pentsatu omen zuen, baina jende asko zegoen plazan, eta lana amaitzea erabaki zuen, eta txalo artean bukatu zuen.

Askoren galdera zen atzo, ea zer gertatuko ote zen Arriari eskuek lagundu izan baliote, baina hori ez da sekulan jakingo. Hala ere, Olasagastiren garaipenak ez zuen izan inolako aitzakiarik. Igeldotarrak argi eta garbi utzi zuen oso ongi dagoela, eta berari irabazteko lan asko egin behar dela. Bikain aritu zen, eta bere garaipenak ez dauka inongo aitzakiarik. 54 urte izan arren, oraindik dagoen aizkolaririk handienetakoa da, eta atzo garbi utzi zuen. Hemendik hilabete eta erdira beste apustu bat izango du Jon Irazuren aurka. Atzoko lan bera egin beharko du, nahiz eta bigarren apustu horretan Zizurkilgoak eramango dituen enborrak plazara. Atzo, aitzakiarik gabeko lana egin zuen, eta estutu izan balute marka askoz hobea egingo zuen. Atzoko apustuak izan zuen baina bakarra, Arriaren eskuak izan ziren. Gauzak normal joan balira desafioa estuagoa izango zen, eta horixe zen zaleek ikusi nahi zutena.

Enborrez enbor, hauek izan ziren Joxemari Olasagastik egin zituen denborak: 4.00, 9.12, 14.43, 22.53, 29.40, 36.15, 43.27, 50.23, 54.13, 65.40, 74.04 eta 82.00. Arria V.aren denborak, berriz, honako hauek izan ziren: 5.15, 11.02, 18.32, 24.26, 30.23, 36.53, 45.17, 54.11, 65.43, 74.40, 84.53 eta 94.22.

Aizkora eta apustu zaleek ez dute atsedenerako tarterik izango, datorren igandean beste apustu handi bat izango baita Doneztebeko pilotalekuan. Han Oihan Larretxea eta Felix Etxeberria, Daniel Vicenteren eta Ruben Saralegiren aurka neurtuko dira. Atzokoak ikusmin handia piztu zuen, baina datorren igandekoak ere horrelaxe piztu du, eta sekulako jendetza izango da han ere, norgehiagoka handia iragartzen baita.

Olasagasti: «Hasieran urduri hasi naiz, baina gero buelta eman diot»

Joxemari Olasagasti gustura zegoen atzoko garaipenaren ostean. «Irabazitakoan gustura izaten da bat, baina egindako lanarekin ere konforme nago. Hasieran urduri atera naiz, eta epaietan estutu naiz, baina gero gustura jardun naiz. Amaieran ikusi dut irabaziko nuela, eta lasaiago aritu naiz», esan zuen Igeldokoak.

Arriak, aldiz, asko sufritu zuela esan zuen. «Lan erdietatik aurrera ikaragarri sufritu dut. Azkeneko lau enborrak oso luze egin zaizkit. Fisikoki ongi nengoen, baina eskuek ez didate lagundu, eta bukaeran sekulako penitentzia izan dut. Eskuetatik horrela sufritzekotan ez du plazara joaterik merezi», esan zuen. J.L.