Arantxa MANTEROLA

Hego Lapurdiko hiri elkargoan ere lekua izaten ahaleginduko dira abertzaleak

Hauteskunde-arautegian izaniko azken moldaketei esker, datozen bozetan udal-kontseiluan izanen diren zinegotziak ez ezik, hiri elkargoetako ordezkariak hautatzeko aukera ere izanen dute boto-emaileek.

«Hala, indar biziz saiatuko gara guk ere gure lekua izaten. Era horretan `jaunttoek' ez dute hain erraza izanen beren politika ezkutuan eramatea», adierazi zuten atzo, Urruñan, Joana Urbistondok eta Iker Elizaldek, Sarako eta Hendaiako hautagaiak hurrenez hurren, Hego Lapurdiko hiri elkargoan aurkeztu diren hainbat hautagai abertzalerekin batera eginiko agerraldian.

Herriko etxeen zenbait eskumen eskuratu dituzten erakundeetan «politika dinamikoa, parte hartzailea, gardena eta herritarren hurbilekoa» egin nahi dute Hendaia Biltzen, Azkaine Ideki, Donibane Lohizuneko Herri Berri, Ahetzen, Sarako Har Hitza, Ziburu Bizi, Urruñako Herritarrak eta Senperen Bai ezkerreko abertzaleen zerrendetako hautagaiek.

Estatu frantseseko bilakaera instituzionalean eta, zehatzago, Ipar Euskal Herria erakundetzeko prozesuan ere pisua izatea da beren asmoa. Ez hori bakarrik. Euskal Herriaren eraikuntza xede dutenez, beren hautetsiak Udalbiltzan integratuko direla ere iragarri zuten.

Lan ildo nagusiak

Hiri elkargoek dituzten eskumenetan eramanen dituzten lan ildo nagusiak azaldu aitzin, «Hego Lapurdikoan orain arte herritarren ordezkaritzan izaniko demokrazia eskasa eta kontseiluan ezagutu den eztabaida falta» salatu zituzten Filipe Aramendi urruñarrak eta Eliane Etxeberria senpertarrak.

Garapen ekonomikoaren alorrean tokiko jarduerak -laborantza eta arrantza, batez ere- eta ekonomia soziala eta solidarioa sustatuko dute. Bertako errealitate politiko eta kulturala errespetuko duen eta turismoan soilik oinarrituko ez den garapena bultzatuko dute. Ekonomia mailan ere inguruko herri elkargoekin, bai eta Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiko egiturekin ere harremanetan jarduteari beharrezko deritzote.

Lurralde antolaketari dagokionez, lur erreserbak handitu nahi dituzte etxebizitza sozialetara zein jarduera ekonomikora bideratzeko; ingurumena zaintzeko baldintzak ezarri eta «elkargo honetan garraio publikoari begira horren premiazkoa den egiazko politika finkatzea» dute helburu.

Etxebizitzaren eremuan, hiri elkargoak dituen eskumenak baliatuko dituzte eraikuntza berrietan etxebizitza sozialaren kopurua %50eraino emendatzeko (egun %30koa da Hego Lapurdiko elkargoan) eta bigarren etxebizitzen zergak igotzeko.

Ur eta saneamenduaren esparruan, uraren kudeaketa berriro publikoa izan dadin lan eginen dute eta ur zikinen arazoari helduko diote.

Halaber, euskararen ezagutza eta erabilera egiaz bultzatuko duen hizkuntza politika abian jartzea izanen dute xede.

Larunbatean, 18.00etatik goiti, Urruñako frontoian jai giroan eginen den hauteskunde ekitaldira jinez sostengua ematera gonbidatu zituzten herritarrak.