Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Hastea da kontua

Egia osoa duen inor ez baita existitzen eta hori da ia ziurtasun osoz baieztatzen dudan egia bakarra. Hanka sartzeko lizentziarekin jokatuko dut, naski. Nik ere badut-eta hori, ezta? Hala ez bada neuk ematen diot nire buruari

Eta ez dakit nondik hasi. GARAko kideek «Jo Puntua»-n idazten hasteko aukera eskaini zidatenean duela bizpahiru aste sentimendu kontrajarriak izan nituen. Batetik poza. Baina bestetik, beldurra, kezka edo oso ondo definitzen ez dakidan zerbait. Poza, nitaz akordatzeagatik. Iritziak konpartitu eta lagunartean eztabaidatxoak pizteko aukera ederra delako. Kezka, ordea, hau kontu sobera seriosa ez ote den galdez hasi zelako nire burua. Eta beti izaten dut nire baitan halako segurtasun ez bat. Ez naiz iritzi oso eta borobilak izatekoa. Ertz eta tira egiteko hari ugari ikusi ohi ditut gai sinpleenetan ere.

Haztea ere bada kontua. Iritzi heldu eta uste handikoak bota barik, konpartituz sortu eta haztea. Halakoa izan da nire azken urteetako ibilbidea. Jakintza konpartitu, entzun (sarri askotan ahazten badugu ere fundamentala dena), hausnartu, eztabaidatu eta haztea. Ikuspegia zabaltzea, liburuen eta sinboloen ortodoxiatik baino bata bestearen collageak buruan nahasiz eta nola hala puzzlea osatuz.

Eta ikaragarria da atzera begiratuta ikustea, zer den egoera larrienetan ere ikastea. Testuingurua eta subjektibitatea aldatuta ere bukle batean sartuta egongo bagina lez, iraganean egindakoak errepikatzen egotearen sentsazioa etsigarria izaten baita. Estualdi eta kezketatik irakaspenak ateratzeko modu bakarra norbere bizipenak hausnartu eta ondorioak ateratzea da.

«Jo Puntua» non jarri da kontua. Proposamenaren berri izan eta telefonoa eskegi bezain azkar buruan halako ideien bonbardeo bat izan nuen. Honetaz eta hartaz hitz egin nahi nukeela. Eta eman dut hasteko urratsa.

Hemendik aurrera bi astean behin planteatuko ditudan gai eta kezkak nire adin bueltako gazte militante askoren buruetan bueltaka dabiltzan gaiak izango dira. Hori pentsatzen dut. Eztabaida zahar-berriak. Edo ikuspuntu berrien beharra sumatzen dudan zerrenda da zorroan dudana. Bizitza mugimendu etengabean dagoen heinean eta oraingo ibiliarekin etorkizuna idazten ari garen heinean posizio eta dogma zaharrak berrikusi beharra izaten delako. Galbidean jarraitu nahi ez badugu behintzat.

Hargatik izango dira gehienak ondorio eginak baino erantzun zehatzik gabeko galderak. Zalantza paratuko dutenak zure buruan (bestela arrazoitze eskasa darabildan seinale izan liteke). Egia osoa duen inor ez baita existitzen eta hori da ia ziurtasun osoz baieztatzen dudan egia bakarra. Hanka sartzeko lizentziarekin jokatuko dut, naski. Nik ere badut-eta hori, ezta? Hala ez bada neuk ematen diot nire buruari.

Agendan apuntatua daukat gai zerrenda. Aste batzuetarako lain bai behintzat! Eta espero dut ideiak ez agortzea, seinale txarra litzateke-eta. Baina kontuak zer diren, lehen zutabe hau idazteko bizpahiru egunean helduleku bila ibili naizela. Zer dio protokoloak halako kontuetan? Ordenagailuaren parean jarri eta idazten hasi naiz. Hastea da kontua. Beraz, hor lehen hausnarketa eta irakaspena. Kezka eta zalantzen korapiloan nahastu gabe ibiltzen hastea dela hariak askatzeko modurik onena. Hastea dela kontua. Hasi naiz. Haziko gara?