Ixabel Etxeberria
Irakaslea
JO PUNTUA

Bi mundu

Jauntto mekanismotik ez gara atera, norberaren protagonismoa dago oraindik lehian. Programen arteko desberdintasuna askotan nahiko mehe gelditzen da. Abertzaleen artean euskararen lehentasuna gutxitan agertzen da

Europako mutur batetik erreferenduma eta erasoen oihartzunak heldu zaizkigu. Egoera bakarraren bi aurpegiak. Hemen gerla hotsak uxatu nahi genituzkeelarik eta erreferenduma aldarrikatzen dugularik, Europari begira gaude. Europako hauteskundeen bezperan, ez dugu Europa erreferendumzale ikusten; aldiz, bai nahiko erasokor Errusiaren aurrean. Krimeako herritar batzuk entzun ditugu Katalunia eta Euskal Herria aipatzen; alegia, guk ere independentziarako bidea hartzeko aukera behar genukeela. Ez gara errusiarzale bihurtuko Txetxenia gogoan dugulako; beste asko ere, heldu zaizkigun informazioen arabera Errusia demokrazia garatzen ez duen estatua baita. Haatik, egoera larriaren aurrean gaudela ohartzen gara, Europak ez duela baitezpada bake prozesurik bultzatuko nahiko argi gelditzen zaigu eta bereziki kezkatzen gaitu; gerla bat abiatzen delarik ez baita inoiz jakiten non, noiz eta nola bukatuko den. Ez dakit batzuen kezka ote den, azken urte hauetan sobera gerla piztu baita bakar batzuen interes ekonomikoen babesteko.

Denbora berean, Hollande mehatxuka dabilelarik, frantses elite politikoa polemika eta mugagabeko auzien artean murgildua dago. Hauteskundeen bezperan ezin ulertua da klase politikoa herritarrengandik hain urruti lanean aritzea.

Asteburu honetan «demokraten» hitzak entzun ditugu presoen kontrako umiliazio gehiago eskatzen. Aitzitik, preso ohi eta gaixo egondako militanteak oinarrizko giza eskubideak eskatzera atera dira. Horrez gain, errefuxiatu egondakoek Euskal herrian bizitzeko eskubidea eskatu dute. Pisuzko urratsak, herri baten bizitzeko aldarrikapenak. Postura nahiko kontrajarriak!

Ipar Euskal Herrian hemeretzigarren mendetik eta behar bada lehenagotik Hegoaldetik ihesi etorritako euskaldunak ezagutu ditugu. Hemengo euskal lurraldeak biziarazten lagundu dituzte. Ez dakit Ipar Euskal Herriko herritarrek ikusi dituzten, askotan espainoltzat zituzten, baina harreman asko sortu dira eta horrek aztarnak utziko ditu.

Hauteskunde garai honetan presoen eta errefuxiatuen urrats horiek ez dute oihartzun handia uzten kanpainaren baitan. Gai horiek ez dira lehentasunak. Euskara ere ez, plaketa askotan lerro bat ere ez dago euskaraz. Ematen du gurutzatzen ez diren bi mundu daudela!

Hauteskundeak! Aldi honetan zerrenda abertzale gehiago daude herrietan. Normalizatu den fenomenoa bada. Aldiz, problematika abertzalea ez da debatearen erdian kokatzen. Lehia nagusia beti eskuin eta ezkerraren artean dago. Batzuetan lehia horiek alderdi bereko hautagaien artean ere gertatzen dira. Jauntto mekanismotik ez gara atera, norberaren protagonismoa dago oraindik lehian. Programen arteko desberdintasuna askotan nahiko mehe gelditzen da. Abertzaleen artean euskararen lehentasuna gutxitan agertzen da.

Hauteskunde hauetan hautetsi abertzaleen kopurua emendatuko da, eta agian denak Udalbiltzan sartzeko prest egonen dira. Hau ere beste urrats bat izango da gure burujabetzaren lortzeko bidean, dagoeneko herritarren %42 Euskal herritik kanpo sortu den lurraldean.