Nagore BELASTEGI DONOSTIA

«Errimatuz, garenera arrimatuz» hip hopa eta bertsoak uztartzen dituen nerabeentzako ikuskizuna

Oskar Estangak gaztetxoei zuzenduriko hip hop kontzertuak eskainiko ditu haiekin sentimenduak partekatzeko asmoz. Musika oinarriak edo gitarra erabiliko ditu, noizean behin bat-bateko bertsoak tartekatuz.

Bertso musikatuak dira Oskar Estangaren espezialitatea eta oraingoan proiektu berri batekin dator, bereziki publiko gazteari zuzenduta dagoena. «Errimatuz, garenera arrimatuz» hip hopa eta bertsoak uztartzen dituen zuzeneko ikuskizuna da, apirilaren hasieratik aurrera ikusiko ahal izango dena.

2013ko abuztuan munduko hizkuntzak oinarri hartzen zituen bertso emanaldi bat eskaini zuen Estangak Donostian Lanku Bertso Zerbitzuaren eskutik. Oraingoan ere Lankuren babesarekin arituko da, bertso zerbitzuaren helburua sortzaileen plataforma bat izatea baita.

«Zuzenean eskainia izateko prestatutako proiektua da. Ilusio berezia egiten zidan errepertorio propioa izan eta horrekin plazaz plaza aritzea», azaldu zuen Estangak berak asteazkenean Donostian egindako aurkezpenean. Estangaren esanetan, hitza da ikuskizunaren oinarria, bera bertsogintzatik baitator, baina, aldiz, musikak eta erritmoak ere badute garrantzia egitasmo berrian. Musika estilo desberdinekin aritu da saioak egiten, eta, azkenean hip hoparen alde egin du. «Pausatu berezi bat dauka hip hop musikak, eta bakarkako lana egitea ahalbidetzen dit, baita etxean bertan ere. Gainera, sentimendu desberdinak adierazteko erraztasuna ere ematen dit», aipatu zuen bertsolariak.

Bertsogintza hip hopa bezalako musika estilo batekin batzea zaila dela pentsa dezakegu, baina Estangarentzat ez da hala, «sentimenduaren hizkuntza» erabiltzen baitute biek. Estangak, gainera, garrantzi gehiago ematen dio esaten denari esateko moduari baino.

Testuingurua ulertu

Ikuskizunean aurretik prestatutako kantuak abestuko ditu, eta, noizean behin, gaia eskatu eta bat-bateko abestiak sortuko ditu. Batzuetan musika oinarriak erabiliko ditu horretarako, eta, beste batzuetan, gitarra akustikoa. «Testuingurua garrantzitsua da, adibidez, Lekunberriko Kantinan [maiatzak 11n arituko da bertan] Garik jo zuen, eta kontzertu hark iradoki zidan emanaldi akustikoa eman behar nuela bertan».

Era berean, publikoak kanten zergatia ulertzea ere inporta zaio. «12 urtetik gorakoentzako saioak direla esan daiteke, baina gazteagoek ere ulertuko dituzte kantak. Badaukat bat krisiaren ingurukoa, eta, agian, intelektualki ez dute guztiz ulertuko, baina atzemango dute zer esaten ari naizen. Gauzak euren hizkuntzan esan behar zaizkie gazteei uler ditzaten», esan zuen. Helburua abestiak guztiz ulertzea denez, gainera, jotzen hasi aurretik kontatuko duenaren berri emango du.

«Nire xedea entzuleak identifikatuta sentitzea eta sentimenduak sortu eta partekatzea da. Kontatzen ditudan gauzak pertsonalak dira, baina, oso egoera orokorrak direnez, edonork ulertzeko modukoak dira». Adibide gisa emanaldia sustatzeko sortu duen bideoklipa jarri zuen. Youtube.com atarian ikus daiteke «Oskar Estanga, Ez dakit handitan zer izan nahi dudan» bilatuz gero. Bideoaren izenburuak dioen bezala, handitan zer izan nahi duen ez dakien mutil baten inguruko istorioa kontatzen da; denok sentitu izan dugu hori noizbait.