ANARTZ BILBAO
BREAK ON STAGE JAIALDIA

Hip hop musika eta gomazko bizkarrezur dantzariak

Break On Stage jaialdiaren 14. edizioan egindako kaleko kulturen erakustaldiak harri eta zur utzi zituen atzo bai Bilbao Arenara bildutako neska-mutikoak bai hauen gurasoak ere. The Ruggeds izan zen txapeldun.

Elorrion jaiotako Break On Stage- jaialdiak 14 urte bete ditu aurten, eta, luzaro La Casilla gotorleku izan ostean, Bilbao Arena du egun jolastoki. Kultura urbanoekin lotutako jaialdia arlo horretako Estatu mailako nagusia da, eta nazioarteko sona du. Atzo hogei ikuskizun ziren iragarriak, baina askoz gehiago izan genituen gozagai, ikus-entzule baino gehiago, bertaratzen den publikoa parte hartzaile bihurtzen baita, aretotik kanpo zein oholtza azpian dantza zoroan, pistari dirdira atera arte.

Rayden rap taldea ixtekoa den ekitaldia iluntzean da hastekoa, baina bazkalostetik ehunka dira Miribilla eta Bilbo Zaharra bitartean dabiltzan gazteak. Txandal fraka zabalak eta zapatila koloretsuak nonahi, asko dira beisbolean edo saskibaloian jokatzeko legez jantzita direnak ere, bisera eta guzti. Nerabe kuadrillak dira gehienbat, baina hiru urtetik gorako haurrak ere asko dira, gurasoak laguntzen. Guk uste baino askoz euskara gehiago entzuten da inguruan. Aretoratu baino lehen, atarian free style lehiaketa izan da; neska gazteak dira lehian. Elkarri besarkadaka badabiltza ere, dantza saioa borroka modura antolatua da. Finalean Natalia, Paula, Sara G eta Idoia dira. Azken honek 13 urte zituela ekin zion dantzatzeari eta Iruñetik etorrita jaialdian bigarren urtea duela adierazi digu. «Dantzan barrenak ustea lortzen dut, baita hitzez adieraztea kostatzen zaidana agertzea ere. Dantzan ni neu sentitzen naiz; ez zait inporta ingurukoek zer uste duten nitaz».

Elkarren parean jarri eta batak dantza egin bitartean besteak «zatoz, zatoz!» egiten dio keinuka eskuarekin, harro. Gero, txanda hartu eta besteak erantzuna emango dio, Zaragozako Ladyfunk DJak jarritako erritmoak dantzatuz. Zure erritmo eta dantza mugimenduekin publikoa lehiakideak baino gehiago harritu eta ikusleen oniritzia jasotzea da kontua. Ezin ozenago, M.I.A. entzuten da bazterrotan.

Lehia nagusia

Oholtza prest da lehiarako. Bitartean, baina, ertz batean sekulako emanaldia inprobisatu du hamar bat urte izango dituen ume batek. Kapela eta fraka gorriak, zapatila handi eta AC/DC taldearen kamiseta beltza daramatza, eta sekulako grina du dantzan. Parean Durangaldeko mutiko kuadrilla agertu zaio lehian. Bost urte izango ditu txikienak, hamar bat nagusienak. Lurrean jira eta bira, inork ez du atzean gelditu nahi.

Aurten lehiak berritasun bat du, Bost Urban Dance lehiaketa, Euskal Herriko taldeen partaidetzarekin. Gurean dantza urbanoa gero eta dantzatuago den seinale, Donostiako Own Style, Iruneko Golden Funk eta Bilboko Alehop izan dira dantzan, besteak beste. Azken horiek sekulako zale saldoa dute so, pankarta eta guzti. Neskak dira nagusi, eta bozina bat ere ekarri dute. Beyonce abeslariaren «Crazy» abestia bozgorailuan eta beste horrenbeste harmailetan, zoramena. Irabazle, Iruñeko Breathless.

Breakdanc alorrean, Europako talderik onenak ditugu parez pare; Zaragozako Rst Crew dira tartean, bboying estiloan. Zaragozakoek Elorrioko lehen bi edizioetan izanak direla esan digute; 18 eta 36 urte bitarteko mutil kuadrilla osatzen dute, taldean jada bigarren belaunaldiari bide egin diona. «Oholtza gainean izateko lan handia dugu atzean, baina dantzak eman digun gauzarik onena elkarren artean dugun lagun giroa da», dio bozeramaileak, gainontzekoek buruekin berresten duten esana. Hirugarren tokia lortu zuten. Aurkezpen lanak Shintoma bilbotarrak bete ditu bikain, eta benetan elebidun, ohikoa ez dena. Tartean, Vocaliks human-beatbox hirukotea izan dugu, eta BMX bizikleta jauziak, euskal rider onenekin. Martxel Arribillaga izan da garaile.

Azken «borroka» Eindhoveneko The Ruggeds -iaz munduko txapeldunorde- eta Parisko Inesteam taldean artean jokatu da; herbeheretarrak izan dira ekitaldiko garaile nagusiak. Batzuek zein besteek ahoa bete hortz utzi dute oihuka den publikoa. Tartean diren ume askok etxea garbi-garbi utziko dute gaur, zoruan dantza eta dantza.