M.D. IRUÑEA

Europak herrien erabakien aurrean ezin dituela begiak itxi esan du Juaristik Bruselan

Europako herriek erabakitzeko eskubidea dutela eta horren aurrean Europar Batasunak ezin duela ez ikusiarena egin nabarmendu zuen atzo Bruselan Europako bozetarako EH Bilduko hautagai Josu Juaristik.

Europar Batasunak ezin dituela herrien erabakien aurrean begiak itxi nabarmendu zuen atzo Bruselan EH Bilduren hautagai Josu Juaristik. Are gehiago, herrien erabakien kontra estatuek hartzen dituzten neurrien aurrean ezin duela ez ikusiarena egin gaineratu zuen.

Munduko Herrien Eskubide Kolektiboaren sarearen Batzar Orokorrean egin zituen adierazpen hauek Juaristik. Europar Parlamentuko hauteskundeetan arituko den Herriek Erabaki koalizioko kide den BNGko Ana Mirandak ere bilera horretan parte hartu zuen. Konferentzian nazio anitzetako ordezkariak izan ziren: Quebec, Flandria, Kurdistan, Amazigh Munduko Kongresua, Herrialde Katalanak, Eskozia, Galizia eta Bretainia. Herri bakoitzeko ordezkariak duten egoeraren berri eman eta herritarren gehiengoaren nahiak gatazken konponbidean duen balioa defendatu zuten. Eskozian eta Katalunian galdeketak egingo dituztela nabarmendu zuten. Ipar Kurdistanen igandeko udal hauteskundeetan emaitza onak lortu izana ere ospatu zuten.

Nelson Mandelaren hitzak ekarri zituen gogora Juaristik, herriek borroka moldeak elkarrekin jarri behar dituztela nabarmentzeko. Horrela, jendartea eraldatzeko bidean aurrerapausoak emateko aukera dagoelako.

«Herri batek aurrerapauso bat ematen badu, guztiok ematen dugu aurrerapausoa. Herri batek irabazten badu, guztiok irabazten dugu», esan zuen EH Bilduren hautagaiak.

Horrekin batera, eraldaketa soziala ezkerretik egitea ezinbestekoa dela nabarmendu zuen Juaristik. «Askapen soziala eta nazionala txanpon beraren bi aurpegiak dira. Herri desberdinek indarrak bildu behar dituzte norabide berean joateko. Ezaugarri edo erritmo desberdinak izan ditzakegu, baina norabide eta helburu bera dugu», gaineratu zuen.

Mirandak, berriz, herritarren ongizatea hobetzeko ere burujabetzea beharrezkoa dela azpimarratu zuen. Horrela Madrildik inposatzen diren politika atzerakoiei aurre egiteko aukerak daudela esan zuen.