Martxelo DIAZ

Errepresioa salatu eta eredu propioaren alde egin dute Ikasle Abertzaleek

Ikasle mugimendua jasaten ari den jazarpena eta errepresioa salatu zuen atzo Ikasle Abertzaleak erakundeak. Horren aurrean, hezkuntza eredu propio baten aldeko borrokari tinko eutsiko diotela berretsi zuten atzo Iruñean. LAB, EILAS eta Sortzen-en sostengua jaso zuten.

Ikasle mugimenduaren kriminalizazioa salatu eta hezkuntza eredu propio eta justuago baten alde egiteko apustua berretsi zuen atzo Ikasle Abertzaleak erakundeak.

Iruñeko Udaletxe plazan egindako agerraldian IAko eledun Antxon Barberiak eta LABeko Expe Iriartek salatu zutenez, «Espainiako Gobernua, UPNren eta EAJren laguntzaz, etengabe ari da euskal herritarrok daukagun askatasun egarria kolpatu nahian».

«Horretarako hartutako bide-orria argi da, etorkizuneko Euskal Herri duinaren alde borrokatzen ari diren subjektuak jazartzea», nabarmendu zuten EILAS eta Sortzen-eko kideen sostengua jaso zuen agerraldian.

Jazarpen horren adibide gisa ostegunean izan ziren atxiloketak aipatu zituzten. Iruñerrian sei ikasle atxilotu zituzten martxoaren 27an egindako greba egunagatik eta beste hiru Bilbon martxoaren 3an Troikaren aurkako izan ziren mobilizazioetan parte hartzeagatik.

Atzoko agerraldia bera ere jazarpen horren beste adibide bat izan daiteke. Kazetariei adierazpenak egin ondoren Udaletxe plazan zeuden poliziek identifikatzeko eskatu zioten Barberiari. Ondoren, autoritateari kasu ez egiteagatik salatuko dutela jakinarazi zuen NUPeko IAk Twitterren jarri zuen mezu batean. Bigarren lagun bat ere identifikatu zuten.

«Euskal jendarteak ikasturte osoan zehar Madrilgo Gobernuak inposatu nahi dizkigun hezkuntza erreformei ezezko biribila eman diogu. Urriaren 12ko manifestazioa inflexio puntutzat hartuta, anitzak izan dira Lomce legearen kontra eta euskal hezkuntza eredu propio baten alde abiatutako dinamikak. Baina Jose Iribas zein Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuen jarrera Lomceren nahitaezko aplikazioa eginen dutela izan da», gaineratu zuten.

«Euskal Herria eraldatu eta eraikitzeko garaia datorkigu, erresistentzia fase batetik eraikuntza fasera igaroz», nabarmendu zuten. Ildo honetan, maiatzaren 3an gazte mailako astebeteko borrokaldiari ekingo diotela iragarri zuten, prekaritateari aurre egiteko. Ikasle mailan mobilizazio iraunkorrari ekin diotela gogorarazi zuten.