Jon Garmendia
Idazlea

Trena

Bakegunerik gabeko Peloponesoko gerra da hau, eta bidaiariek trenak aldegingo dien beldurra baino ez dute, irabazirik gabeko galerarik ez baita gelditzen haien esku ahurretan.

gara-2014-04-14-Opinión

Berdin du goiza, eguerdia edo arratsaldea den; garrantzitsua ez da denbora, espazioa baizik. Eta espazioa da justuki trenetik jaisten zarenean zuri falta zaizuna; askotan, gehiegitan. Berdin du trenera sartzeko bost pertsona egotea zain, edo hogei izatea, ez dira erditik kenduko, ez zara haien artetik pasatuko, edo behintzat, ez dizute mugimendurik erraztuko. Zuri. Trenera sartzeko premia eta antsia, biak bat eginda, trena Oropo balitz bezala, Beozia eta Atikak bereizitako hiri zaharra. Bakegunerik gabeko Peloponesoko gerra da hau, eta bidaiariek trenak aldegingo dien beldurra baino ez dute, irabazirik gabeko galerarik ez baita gelditzen haien esku ahurretan. Horregatik, trena geltokian sartzen delarik, eta abiadura mantsotzen, zonbien modura jarraitzen diotela, hori ikusiko duzu goitik, eta parean atea egokitu arte ez direla geldituko. Baina hau ez da Esparta, ezta Pariseko metroa ere, Euskal Herria baizik. Eta Euskal Herria ez da salgai. Agian, trenak, geltokiko bazterretan gelditu ez, eta horrexegatik aitzina jarraitzen du. Bidaiari berriak ageri dira hala ere zerumugan, apika, hatza jaso eta barnera sartu nahi dutenak. Baina geltoki ttipi hauetan, trena non geldituko ote den asmatzea zaila da. Eta kalean, paretek oihuka jarraitzen dute, aldarrikapenez josita, jende denek ez dituzte ikusten, baina haiek jende denentzat ageri dute mezurik, akaso, harpidedunik falta da, eta haiek pilatzeko kontzientziazioa. Hainbeste urtetan, ez ote da mezua zaharkitu, paretak bezala; kezka hori ere pausatu zaizu buruan. Eta bitartean, treneko leihatilatik kanpora beha segitzen duzu. Paretak teilatuaren aipamena egin dizu gero, «un toit un droit», teilatupe bat ukaitea eskubide bat dela alegia, bestalde, droit eskuina da, eta aspaldidanik etxeak haien eskuetan daude, bai, esku eskuinarekin helduta gaude. Non bizi ez badakigu, nola jakingo dugu norekin bizi behar dugun! Baina lasai, geldituko da trena eta, hori bai Huangpu ibaiaren bi alboetan segituko ote duzuen kezka nagusituko zaizu, batzuk trenera igo nahian, eta batzuk handik jaitsi ezinik. Baina Euskal Herria ez da Shanghai.