Idoia ERASO

Eusko Ikaskuntzak bere burua berritu eta gizartearekin elkarlana indartuko du

Eusko Ikaskuntza berregituraketa prozesuan dago. Antolaketarekin batera, lan egiteko era eta xedeak ere aldatuko ditu, gizarte eragileekin elkarlana sustatuz. Heldu den urteetan landuko dituzten gaiak definitzeko hiru foro eginen dituzte, Ipar Euskal Herrian, Nafarroan eta EAEn.

Gizartearen arazo handietako batzuei erantzuna aurkitzeko proiektuak sortu nahi ditu Eusko Ikaskuntzak. Gaiak definitze aldera, heldu den asteetan elkarte, erakunde eta herritarrei dei eginen die Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan antolatuko dituzten foroetan parte hartzeko. Ekainerako aurreikusiak badira ere, ez dituzte egunak zehaztu. Baionan, Iruñean eta Euskal Autonomia Erkidegoko herri batean eginen dira. Iñaki Dorronsoro erakundeko presidentearen erranetan, foroen helburua «Euskal Komunitate Globalean eragina duten arazo eta erronka garaikideak detektatzea eta Eusko Ikaskuntzak datozen urteotan landuko dituen gaiak zeintzuk diren aurkitzea» izanen da.

Baionan egindako agerraldian azaldu zutenez, heldu den lau-sei urteetan Eusko Ikaskuntzak jorratuko dituen hiruzpalau gai zabalak finkatzeko balioko dute foroetako eztabaidek. Proposamenik eginen ez bada ere, hainbat aukera aipatu zituen Dorronsorok: estaturik gabeko nazioak, euskararen erabilera, garapena eta geroa, Euskal Herriko kultura eta identitatea eta berrikuntza soziala eta eredu berriak.

Foro horien sorrera eta gizarte eragileekiko elkarlana oinarrizko ereduaren eraldaketaren ondorioa da. «Krisi ekonomikoak beste krisi sakonago bat aterarazi du. Hausnarketa prozesu baten ondoren 2013ko abenduan proiektu berria adostu genuen», azaldu du Dorronsorok. «Eusko Ikaskuntza berria» izendatzen duten proiektuak aldaketa sakonak ekarriko ditu. 2010ean 4 milioiko aurrekontua zuen erakundeak 1,2 milioi ingurukoa du 2014an.

Aldaketak eremu guztietara zabalduko dira, alde batetik erakundeak berak duen xedea ere moldatuko baita, 1918an elkartea sortu zenekoarekin parekatuz: «Egoera ezberdina da, baina garai bateko xedea berriz bermatu nahi dugu eta egungo egoerari egokituz, birformulatu». Gaurko gizartean arazo eta erronka garaikideak detektatzea eta konponbide posibleen inguruan, era parte hartzailean, gogoetatzea dute, hortaz, helburu.

Eusko Ikaskuntzaren egitura administratiboak ere «aldaketa oso sakona» izanen du; hau da, sail zientifikoen egituraketa baztertu eta interpretazio eta tematikatik abiatzea lehenetsiko da orain, arazo edo erronkarentzako konponbidea diziplina askotako lantaldetik planteatuz.

Pedagogia eta gizarteratzea

«Gizartetik eta gizartera» bideratutako erakundea izatea nahi dute, bestalde. Horretarako eredu anglosaxoian oinarrituta, eragile independente gisara jardungo dute, gizarteari eta politika publikoak erabakitzen dituztenei gomendioak emateko asmoz. «Herriari espazio neutrala eskaini nahi diogu aukeratuko diren gaiak lasaiki eta neutralki jorratzeko», azaldu du Jean-Michel Larrasquet Ipar Euskal Herriko Eusko Ikaskuntzako presidenteak.

Halaber, pedagogiari eta gizarteratzeari garrantzi handia emanen diote: «Baliabideak ikerketarako izanen dira, baina emaitzak gizartera eramateko», erran zuen Dorronsorok.

Eraldaketa gobernu organoetan ere emanen da. Horrela, batzorde irakunkorra desagertu egingo da eta horren ordez errektore kontseilu bat sortuko dute. Lurralde bakoitzean hautatutako bi pertsona izanen dira hor: Ipar Euskal Herria, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia.

Kontseilua osatzeko hauteskundeak eginen dira, baina lehenago lehentasun lan ildoak finkatu beharko dira estatutuetatik abiatuta. Estatutuak ekaineko batzar nagusian onartzea espero dute, ondoren hauteskundeei ekin ahal izateko.

Lan ildo berriak erakunde publikoei ere aurkeztuko dizkiete. «Gure berposizionamendua azaldu eta haien atxikimendua lortu nahi dugu», azaldu du Dorronsorok, Kontseilu Nagusia, Eusko Jaurlaritza, foru aldundiak, herri elkargoak eta herriko etxeak aipatuz.