GARA DONOSTIA

Euskal literaturari eskainitako jaialdia, Bartzelonan

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatzen duen Literaldia euskal literaturari eskainitako jaialdiak hamar urte beteko ditu aurten. Apirilaren 23tik 28ra ospatuko dute, eta euskal literatura ezagutarazteko asmoz literatura musikarekin, dantzarekin eta erakusketekin uztartuko dute.

Beti bezala, ekitaldi gehienak doakoak izango dira, literatura denen eskura egon dadin. Lehen egunean, Liburuen Nazioarteko Egunean, Idazleen Elkarteko Elena Moreno eta Manu de Ordeñada egileak izango dira Euskal Etxeak Rambletan jartzen duen mahaietan liburuak sinatzen.

Bestalde, Kukai dantza taldeak eta Ttanttaka Teatroa antzerki konpainiak Joseba Sarrionandiaren «Hnuy illa nyha majah yahoo» poesia liburuan oinarritutako «Hnuy illa» ikuskizuna eramango dute Bartzelonara.