Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Gabok idatzi nahi izan zuen liburua

Arrebak eman zidan arrastoa, nik ez nekien ezer, baina «Operación Ogro», euskal gatazkak inoiz eman duen kazetaritza lanik inportanteena, Gabriel Garcia Marquez idazle kolonbiarrak (Nobel saria irabazitakoak) idatzi nahi izan zuen liburua izan zen. Istorioa Ramon Chao kazetari eta nobelagileak kontatu du. Garcia Marquezen asmoa, Carrero Blanco almirantearen kontrako ekintzaren ezagutza izan orduko, ekintzaileak elkarrizketatu eta liburua osatzea izan zen. Parisen Chaorekin harremanetan jarri zen, eta ETAko kideak Venezuelan elkarrizketatzeko nahia azaldu zion: «Hiru astez elkarrizketatuko ditut, haiek ekintzaren nondik norakoak minutuz minutu konta diezadaten; ideia sortu zen unetik bertatik, baten batek botoiari sakatu zion arterainokoa», esan omen zion. Horretarako behar zuen gauza bakarra ETArekin harremanetan jartzea zen. Andre Aubri apaizarekin harremanetan jarri zen Chao, eta hark eman zion erakundearekin mintzatzeko bidea. Hainbat aste eman zituen idazleak zain eta, Chaok berak kontatzen duenez, aste haietan era guztietako mehatxuak jasan zituen, Poliziak, ordurako, asmoaren berri zeukalako. Parisen bertan lortu zuen, ostera, ekintzaileekin hitz egitea, eta hantxe azaldu zien asmoa. Hauek arretaz entzun zituzten idazlearen hitzak eta, amaituta, esan zioten: «Liburua idatzita dago, Gabriel, lasai horregatik; baina aurkez iezaguzu editoreren bat». Chaorengana jo zuen Gabok berehala, eta honek Jean Lacouturerekin harremanetan jarri zuen, Le Seuil argitaletxekoa. Eta horrelaxe eman zuten liburua argitara, Frantzian eta Espainian ia aldi berean, Garcia Marquezen eta haren lagunen «laguntzari» esker. Ez dut istorioa hala gertatu ote zen egiaztatzerik izan, baina, istorio bezala, ez iezadazue esan ia liburuaren beraren misterioaren mailan ez dagoenik.