27/04/2014

Musikarekin zerikusia duen edozein tramankulu saltzeko eta erosteko merkatua, Deustun

Hileko azken igandeari dagokion lez, Deustuko Erriberako Zawp ekimenak MuMe antolatu du gaurko: musika merkatua. Salerosketarako ez ezik, zuzeneko emanaldiekin gozatzeko aukera ere egongo da.

Alvaro HILARIO BILBO
P054_f01_98x97

Deustuko Erriberan kokatzen den Zawp (Zorrotzaurre Art Work in Progress) ekimenak hilabeteko azken igandeari dagokion MuMe, musika merkatua, egingo du gaur. Bertan, musikaren inguruko mota guztietako tramankuluak (hala nola, musika tresnak, anplifikadoreak, biniloak, DVDak, elastikoak, liburuak, margolanak, elastikoak, argazkiak, afixak eta abar) saldu, erosi edota trukatzeko aukera izango dute hara gerturatzen diren guztiek.

Gaurkoa MuMeren hirugarren azoka da. Aurrekoetan 1.000 bisitari inguru eta berrogeita bost saltoki izan ziren, eta hirugarren honetan, hamazazpi saltoki behintzat ziurtatuta daude.

Musikazaleak, bildumazaleak, musikariak eta abar elkartuko dira beharrezkoak dituzten gauzak ahalik eta salneurri merkeenean topatzeko, edo etxean erabiltzeke dituztenak beste norbaiti eskaintzeko.

Izan ere, berrerabiltzea eta kontsumo zentzuduna ere bultzatu nahi ditu ekimenak.

Luthierrak

Musikaz gozatzeko guneaz ari garenez gero, ezin albo batera utzi musika tresnak egiten dituztenen presentzia (luthierrak). Horrela, ezkerraldeko Augusto Gonzalezek latak eta eguneroko objektuak erabiliz egindako gitarrak eta «katxarrismoak» -bere hitzak baliatuz-, esaterako, ikustea, entzutea eta erostea ere eskura izango dute bisitariek.

Musikariek, diskoetxeek eta grabaketa estudioek ere parte hartzen dute MuMen, azoka ez ezik, elkarlana sorrarazteko zein egitasmoak publikoki aurkezteko eremua ere bada-eta.

Gaurkoak, hirugarren azoka honek, agertokia ere izango du, nahi duenak erositako tresnak proba ditzan edota bere musika jo dezan.

Eta ez da hori gaurko nobedade bakarra; eremu berri bat ere zabalduko dute, Letaminak hartuko duena. Bertan, hainbat tailerretan parte hartu ahal izango dute helduek nahiz adin txikikoek, esaterako txalaparta, DJa eta beste.