Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Argi bila

Ohartu naiz batzuentzat krisi sistemikoa, balioen krisia dela egungoa, hots gure orain arteko «modus vivendi» baten krakatekoa dela

Hilik banengo bezala sentitzen naiz» irakurri diogu Zestoako TS Fundiciones-eko langile kaleratuari. 150 langile gelditu dira kale gorrian. Nora eza, amorrua eta etsipena. Hitzak labur dira eta begiradak ez dira garai batean bezalakoak. Arestiren poesian legez gizakia (langilea) XXI. mende honen maldan behera doa peko erreka jo arte. Hazkundearen izenean aurrerabidea gurtzera heldu den sistema honek azken beltzean hiperproduktibismoa eta hiperkontsumismoa (sortu, erosi eta bota) baino ez du ekarri eta merkatua jada ez da berak ekoitzitakoa ere irensteko gauza. II. Mundu Gerratik hona neoliberalis- moak -zakur amorratuak nola- haginka egin dio behin eta berriz delako ongizate estatuari eta urteen poderioz erdietsitako lorpen sozialak azken hatsetan leudeke. Elite ekonomikoak (edo plutokraziak, nahi bada) gizakia ekonomiaren morroi bihurtu du (diru zakarrak bihotzik ez duela aspaldi kantatu zigun X. Letek), eta kapitalismoaren gerra semantiko zein ideologikoa haize alde dabil bazter guztietan.

Neoliberalismoa merkatuaren nagusitasuna arau duen sistema ekonomiko eta politikoa izaki, bere ondorioak nabarmen ikusten dira sektore ahulenen eguneroko bizitzan. Horrela, langile bat lanik gabe uztea edota norbait etxerik gabe lagatzea sozialki eskubiderik gabe eta hilda uztea da norbanakoa. Hildako bizi bat da.

Iraultzarik posible ez den garaiotan, gutxienez pentsamenduak iraultzen lagungarri diren intelektual edo autore errespetagarrienak irakurtzeari emana naiz azkenaldion. Eta ohartu naiz batzuentzat krisi sistemikoa, balioen krisia dela egungoa, hots gure orain arteko modus vivendi baten krakatekoa dela; beste batzuentzat aldiz, krisi soziala krisi ekonomikoaren ondorioa da, baina, aldi berean, krisi sozial hori krisi ekonomiko honen kausa da. Hedaduraz krisi antropologikoa, ekologikoa eta kulturala ere badela diote bestetzuek. Hala ere, esandakoaz gain, James Petras soziologo eta idazle estatubatuarrak gaineratutakoa ere kontuan hartzekoa dirudi. XXI. mendeko inperialismoak lehengo ezaugarri asko dituela dio, baina baita kontu egin beharreko dimentsio berririk ere. Osagai militarraz ari da. Krisi ekonomikoa ez, hondamendi ekonomikoa da haren ustez egungoa.

Kapitalismoak langileak hiltzeaz gain bizirik daudenak ere hilda baleude legez, erabat ezereztuak uzten ditu. Badira, ordea, sistema honen dekadentzia ikusirik, postkapitalismoaren aro berri batez eta jendarte-ekonomia orekatuago baten itxaropenaz mintzo direnak. Baina hodei beltzak hor daudela esanez datorkigu (etsipen tonuarekin edo gordintasun osoz) Tariq Ali intelektuala. Honen esanetara sistema kapitalistak irabazi egin du eta sozialismoaren ideiek egundoko porrota jasan ostean egoera honek mendea amaitu arte iraun dezake gutxienez. Badaezpada diot, tunelaren bestaldean argia ikusten hasita dauden adegitarrek ez bezala, herritar askorengan iluna are ilunagoa baita.

Eta egoera honek horrela jarraitzen badu beste filosofo batek, Hannah Arendt-ek, aurreikusi bezala, esan genezake lanik gabeko langileen jendartea jada begien aitzinean dugula.

Galdetu bestela TS Fundiciones-eko langileei.