Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Tranpa

Baina zer gertatuko da herritarrak lanean egonda ere (ekonomia, diskurtso ofizialen ahotan, ondo doanean) euren egoera materialak okerrera egiten jarraitzen duela jabetzen direnean?

Maiatzean 4.795 langabe gutxiago zeuden Hego Euskal Herrian. Noski, halakoetan poza nagusitu ohi zaigu gehienoi, behintzat, lana eskuratu dugula-eta. Egia da, bai, datua pozgarria dela horrela ikusita. Lau urte daramatzagu hilero matraka igualarekin, langabezia tasa gora eta gora doala eta etorkizuna iluna dela esanaz eta entzunaz.

Urtebete da gutxi gorabehera espainiar Gobernua ekonomiaren errekuperazioari buruzko aipamenak egiten hasi zela; guri egunkaria irakurtzean zainak loditzen zitzaizkigun artean lotsagabekeria hori nola esan zezakeen madarikatuz. Botin ere harro, dirua Espainian a portones sartzen ari zela-eta. No te jode!

Errekuperazio ekonomikoaren errelatoak ezer gutxirako balio du, ordea, milaka gazte eta herritarrek prekarietatearen putzuan sartuta jarraitzen dugun artean. Ze nik, behintzat, ez dut errekuperaziorik inon ikusten.

Hitzen erabilera kabroia egitea politikan ez da trikimailu berria. Denok ezagutzen ditugu pentsatzeko eskemak ezartzen dituzten erabilera maltzurrak. «Irudimen tona baten beharra daukat, edozeri iraultza deitzen jarraitzekotan», Berri Txarrak-ek zioen gisan. Irudimen tonak behar ditugu hemen langabezia tasak gutxitzearren, errekuperazio ekonomikoa dagoela ikusteko.

Hitzetan ez ezik, sistemaren indizeetan ere bai baitago jukutria edo maratila. Eta langabezia tasaren indizea da horietako bat. Ze kontua ez da langabe gutxiago egotea soilik. Horrek ez du azaltzen ahal jende gehiago lanean egonda ere pobreziak gora egitea, datuek erakusten duten gisan. Kontua zer nolako soldatapeko lana sortzen den da, zer nolako lan baldintzak dauden, zer nolako kontratuak egiten diren. Eta aste honetako datuen arabera, kontratu mugagabe kopuruak behera egiten jarraitzen du kontratu tenporalen mesedetan (maiatzean eginikoen %93,9).

Noski, kontratu motari begiratzeaz gain, kontratuaren baldintzei (ea kontraturik egiten den!) eta soldatari ere begiratu behar zaio prekarizazio prozesu osoa behar bezala ikusteko. Baina gure pentsamendu markoak ezartzera begira, hargatik da garrantzitsua prekarietateaz hitz egitea eta ez hainbeste langabeziaz. Krisiaren helburua, susmoa baitaukat, hauxe zen: lan baldintzak eta bizitzak okertzea, prekarizatzea, gastuak murriztuz merkatu librean lehiakorragoak izateko.

Agintari politikoak, Rajoyrengandik hasi eta Urkullu zein Barcinaganaino, pozik azaldu dira langabeziaren jaitsierarekin, gazteontzat Lehen Aukera gisako beka eta kontratu prekario klientelista txapuzeroak kudeaketa bikainaren pantaila gisa kokatzen dituzten artean. Euren botere politikoari eutsi eta herritarren aurrean zilegitasuna indartzeko beharrezkoa dute langabezia datu onak azaltzea.

Baina zer gertatuko da herritarrak lanean egonda ere (ekonomia, diskurtso ofizialen ahotan, ondo doanean), euren egoera materialak okerrera egiten jarraitzen duela jabetzen direnean? PSOE hasi da bere faktura kobratzen. Errua komunikazioari egotzi diote, euren buruari tranpa eginez. Arazoa ez da, ordea, aparientzia, azala; mamia baizik. Milaka pertsonak bere soinean bizi duen errealitate gordina, mago onenaren jukutriek ere nekez ezkutatu dezakete.