Asier MALDONADO
EH Jaietan | Bergara

Bitorianatxo, aginte makila tinko hartzen duen sorgina

Kondairak dio duela mende bat bizi izan zela Bitorianatxo. Aldai Egia auzoko Mozolotegi baserrian bizi omen zen, eta nahiko bakartia eta xelebrea ei zen. Jakituna zen sendabelar kontuetan, eta baserriz baserri joan ohi zen horiek eskainiz. San Martzial egunean erromeria egiten zen mendiko ermita batean, eta, diotenez, bertan egon ohi zen belar ura saltzen. Bitorianatxok txakurtxo bat ere ba omen zuen, eta, begitankorrenen ustetan, txakur horrek txiza egiten zuen lapikora; halere, ezagutzen omen zutenek diote sendabelar ugari saltzen zituela.

Beltzez goitik behera, maiz ikus zitekeen Bergarako kaleetan andrea bere bi mototsekin, ortozik, kalean gora eta behera. Pentsa zein ezaguna den Bitorianatxo Bergaran, kantuak ere atera zizkiotela bere garaian! «Sorgiña izan Bitorianatxo hori, lanian ibiltze izan etxetik etxe mantentze aldera».

Txupinazoarekin batera

Egun, Mozolotegi baserria ez dago zutik, baina Bitorianatxok Bergarara puntual jaisten jarraitzen du. Apaiztegitik udaletxera jaitsi, alkatearen aulkian jesarri, eta parrandaren legea ezartzen du jaiek irauten duten bitartean. Hain zuzen ere, duela hiru hamarkada baino gehiagotik, haragizko Bitorianatxo batek laguntzen ditu agintariak eta suziriaren jaurtitzaileak Bergaran; duela hiru urtetik, Blanca Narbaiza bergararrak betetzen du horren papera, hain zuzen ere. Narbaiza, paperean sartuta, zahato batekin jaisten da udaletxeko balkoira, bere garaian Bitorianatxok egiten zuen bezala. «Kondairak dio zurrutari ematen ziola. Berari buruzko datu batzuk biltzeaz arduratu nintzen bere garaian, eta parrandazalea zela esaten da», kontatu du Narbaizak.

Bitorianatxoren agintaldiak irauten duen egunetan, alkateak jai hartzen du. Hasiera batean ardura handia dirudien arren, Narbaizak gustura betetzen du bere egitekoa. «Bergararra izanik, niretzako ohore bat da, eta urtero-urtero sekulako ilusioa egiten dit». Balkoira igotzearekin batera ahazten zaizkio urduritasunak bergararrari. «Behin balkoia zapaldu eta behean dagoen jendetza ikusita, gora nator!», dio pozik Narbaizak. Esan bezala, aurtengoa hirugarren aldia du Bitorianatxoren azalean, eta urte askoan jarraitzeko moduan dago. «Eskaintzen didaten bitartean, behintzat, jarraituko dut».

Narbaizaren hitzetan, aurreko udalbatzaren ideia izan zen berari eskaintzea Bitorianatxorena egitea; Blancarekin batera, Rosa ahizpari ere eskaini zioten. «Biak ala biak ibiliak gara Bergaran musikalak egiten, horrelakoak oso gustuko ditugu». Hasiera batean txandakatzekotan geratu arren, lehenbizikoz egin zuenetik urtero errepikatu du Blancak.

Eskuak

Atzera begiratua eginez, 1981ean agertu zen lehenbizikoz Bitorianatxo San Martin plazara. Urte luzeotako ekimena indartze aldera, agerraldi soila egin barik, Bitorianatxoren protagonismoa indartzea proposatu zuten Narbaiza ahizpek. Umiltasunetik, aldaketa sakona egiteko ideia bota zuten. «Bitorianatxok, zerbait esan beharko du, ezta?», galdetu genion geure buruari. Esan eta egin. Miguel Okina izan zen lehenbiziko «biktima». «Diskurtsoan berari buruzko aipamenak bota nituen, Bitorianatxok duen ukitu xelebre horrekin». Iaz, berriz, Gutiri eta Felisini eskaini zizkion lerro batzuk. Umorea klabean egin arren, herri kulturari merezi duen aitortza egitea da, funtsean, ekimenaren balioa. «Ez da Rosa eta bion burua goraipatzearren, baina udaletxekoekin berba egin eta gero erabaki zen horrela egitea».

Aitortze ohiturarekin jarraitzeko, aurten Reyes Azkoitiari buruzko esalditxo batzuk bota ditu Bitorianatxok balkoitik. «Bergarako ume guztiei erakutsi die Reyesek pilotan!». Bestalde, igandeko Gure Esku Dago ekimena ere aipagai izan zuen Narbaizak agurrean; distantzia hartuta, bietan ere eskuak duen garrantzia kontuan hartuta, erraza egin zitzaion lotura egitea. «Seriotasun handirik gabe, eta politizatzeko asmo handiegirik barik, baina aipatzea garrantzitsua ikusten dugu, bakoitzari dagokiona».

Asteartean, Bitorianatxok bueltako bidea hartuta bukatuko dira Bergarako Pentekoste jaiak. Martitzeneko gauerdian kateatu egiten dute, eta pare bat berbako agurraren ostean, seminario atzean ezkutatzen da ostera. Beste urte batez itxaron beharko du, sendabelarrak utzi eta aginte makila hartzeko.