Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Hatza, azkazala eta zolda

Ongietorri ofizialik ere ez zaio egin, eta haren gurasoek alde batetik hartu duten lasaitua beste aldetik galdu bide dute: mehatxuak jasotzen hasi omen dira; itxura denez, beren herrikideengandik

Entzunaren entzunez edo, hatzak ilargia seinalatzen duenean erakusleari begira geratzen dena ez dela oso bizkorra gauza jakina da nonbait... eta horregatik batzuei zuhurragoa iruditzen zaie lau haizetara jakinaraztea haren azkazalpean datzan zoldaz soilik arduratzen direla horrelakoetan. Bowe Robert Bergdahl soldadu estatubatuar askatu berriaren kasua paradigmatikoa da, alafede.

Bost urtez Haqqani taldearen (vulgo, Talibanen) eskuetan Afganistanen, edo hor nonbait, atxilo egon ondoren, Obamaren administrazioak «lortu» du Bergdahl etxeratzea, Guantanamon preso zituen bost talibanen truke, Qatarren bitartekaritzarekin burututako negoziazio bihurri baten ondoren. Bergdahl sarjentua ez da, ordea, aintzaz itzuli Idahora, kalapita itsusian murgilduta baizik. Ongietorri ofizialik ere ez zaio egin, eta haren gurasoek alde batetik hartu duten lasaitua beste aldetik galdu bide dute: mehatxuak jasotzen hasi omen dira; itxura denez, beren herrikideengandik.

Ika-mikaren ardatza ez da, behin ere, adibidez, Bergdahl atxilotuta eduki duen Haqqani sareak CIArekin (iraganean bederen) eta Pakistango ISIrekin (beti) izan dituen harreman ikaragarriak (hitzaren adiera guztietan). Ur sakonegietan murgiltzea litzateke hori. Horren ordez, eztabaidagai nagusia da ea, harrapatu zutenean, Bergdahl bere kasernatik kanpo ezarian zebilen: a) mozkortuta; b) desertatu eta ihes egin nahian; c) arauz kanpo afganistandar adiskide ez oso fidagarriekin; d)aurreko guztiengatik, aldi berean...

Eta hori argitzea erraza ez dirudienez, «zuhurtasun» bertsuko beste norabide bat ere hartu du iskanbilak: zenbat soldadu estatubatuar erori ote diren bost urteren buruan Bergdahl askatzeko egin diren ahaleginetan. Baina hori ere jakizu. Azkenean, argi geratzen ari den gauza bakarretakoa da bere atxiloaldian hil balitz (edo balute), askoz zoriontsuagoak izango liratekeela egun gehientsuenak AEBetan. Baina etsai malapartatuek ez dute mesede hori egin nahi izan.

Sakontasun itxura gehixeagorekin janzten dute sesioa goi aldeetan: Obamaren esanekoentzat, egindako truke mingarriak frogatuko luke AEBetako agintariek inoiz ez dituztela galdutzat ematen «atzean geratu direnak» (gutxienez Koreako gerratik datorren erretolika da hori, erositako prezioan saldu beharrekoa). Eta, noski, J. McCainen kasua aipatzen dute, ahazkorrentzat. Trukearen etsai errepublikanoek, ordea, horrelako tratuak munduko alprojak akuilatzen dituztela diote, berriro estatubatuarrak bahitu eta haien truke edozein gauza eskatzen hasteko...

Alde bietako inori ez diot aditu, haatik, Bergdahl bezalakoak Paktikako bazter galdu hartara bidaltzen dituen zoramenaren ilargi beteaz ezer. Ezta horrelakoen ondoren «atzean geratzen» den geldikin potoloenaren gaineko gogoetarik xumeena ere. Adibide huts bezain hurbilez: mila hildako baino gehiago eragin dituzte, hilero, aurtengo lehen bost hilabeteetan Iraken gatazka armatuek; okupazio-gerraren aldirik bortitzenean jazotako heriotza kopuruak berdintzen ari dira. Eta joera goranzkoa da. Mission Accomplished.