GARA DONOSTIA
Udate

Edozer dute posible piratek Donostian

Uztailaren 9an Manu Chaok Zurriola hondartzan eskainiko duen doako kontzertuaz gain, Donostiako Piratek egun osorako egitaraua prestatu dute, «Edozer dugu posible» lelopean.

Donostiako Piratek uztailaren 9an ospatuko dute «Edozer dugu posible» eguna, abuztuko Aste Nagusiaz aparte jai herrikoiak hirian zabaltzeko asmoz. Urteak dira kolektiboa osatu eta festa eredu desberdinak lortzeko borrokan hasi zirela. Piraten abordatzearekin hasi ziren eta egun festetako ekitaldirik arrakastatsuenetariko bat bilakatu da. Horrekin batera, egitarau paralelo bat osatzera iritsi dira.

Orain, pauso bat harago eman nahi dute «Edozer dugu posible» eguna ospatuz, espiritu hori «herritar guztiok barneratzea» nahi baitute. «Uda hasi da eta aukera polita ikusi genuen Aste Nagusitik kanpora ere jai herrikoien aldarrikapena zabaltzeko. Sinesten dugu, auzolanaren kultura sustatuz, bestelako balio batzuk ikusgarri egiteko aukera polita dugula, Donostia abordatzen jarraitzekoa», azaldu zuten atzo Zurriolan emandako prentsaurrekoan.

Duela hilabete batzuk iragarri zuten uztailaren 9an Manu Chao abeslariak doako kontzertua eskainiko duela Piratei laguntzeko. Hori izango da eguna biribilduko duen ekitaldia, baina ondo pasatzeko bestelako aukerak ere izango dira. Izan ere, egun osorako egitaraua prestatu dute. «Egitaraua ahalik eta publiko zabalenarentzat prestatzen ahalegindu gara, eta egun osoan izango dira ekimenak Zurriola hondartza inguruetan. Goizean, haurrentzat oka jolas erraldoia, gazteentzat mural margoketa, bertso-hopa, euskaraz ikasten ari direnentzat mintzapraktika pirata, euskal dantza ikastaroa, eguerdian mokadu eta edari bixigarriak bertako kontsumo taldeekin elkarlanean...», iragarri zuten.

15.00etatik aurrerako hizkuntza gutxituetan jarduten duten hainbat musika talderen kontzertuak prestatzen ari dira. Gauean, berriz, talde indartsuenak igoko dira taula gainera. Manu Chao-La Venturarekin batera, Selektah Stepi, Skakeitan eta Tania de Sousa arituko dira.

Era berean, egun hori baliatu nahi dute Piraten mugimenduak orain arte egindako ibilbidea ezagutarazteko. Horretarako, erakusketa bat antolatuko dute herri eta auzo desberdinetako esperientziak azalduz. Panel batzuk prestatuko dituzte azalpenekin. Egun horretan txoko bat izan nahi duten jai herrikoien aldeko mugimenduei beraiekin harremanetan jartzeko gonbidapena egin zieten.