Mikel Ibarguren
Idazlea
JO PUNTUA

Futbolaren hiperbolea

Ez nago futbolaren kontra, baina ez dut maite futbolak jendartean duen zentraltasuna. Onartezina egiten zait futbolak sortzen duen desoreka sozial eta ekonomiko guztia. Gure bizimoduak nola baldintzatzen dituen ikustea

Ez nago futbolaren kontra, ez eta alde ere. Baina futbola, gaur egunekoa, elitekoa, gizakiaren neurrira egindako masa fenomenoa dela ezin ukatuzko kontua da. Futbolaren errealismo magikoak milioitako gastuak eragiten dituela ere bai. Futbola, izan ere, futbola baino zerbait gehiago da. Eta ez da kasualitatea. Elastikoetako publizitateari begiratu besterik ez dago.

Brasileko Mundialak zeresan ugari eman du. Etxe guztietako pantailak kolonizatu eta gure bizimodua hipnotizatu eta mediatizatu ditu erabat. Egun, futbola dena da edo ez da ezer. Gauza guztien gainetik eredu sortzaile baita. Arrakastari lotua da. Tatuajez jositako gorputz ederren kultua da nagusi. Entrenamendu batean Messi jainkoa gurtu eta zapatak garbitu zizkion zalearen irudiak dena esaten du futbolari buruz. Eta horixe ez dut maite.

Horregatik, esan bezala, futbola ez dut sobera maite, jokalari idolatratuen distirak itsutu egiten duelako jendea. Futbolak duen kiroltasuna galdu eta fenomeno mediatiko, politiko eta ekonomiko bihurtu da batez ere. Futbolaren izenean negozioa egiten duten enpresa pribatuak baino ez dira taldeak. Hala ere, dudarik gabe, futbola izango da XX. mendeak sortu duen espektakulurik handiena.

Ez nago futbolaren alde, baina ulertzen ditut Albert Camusek futbolari buruz esandako hitzak. Nobel saridun izan baino lehen Aljerreko Racing taldeko atezain izan zenak zioen pertsonen moralaz eta betebeharrez zekien guztia futbolari esker ikasi zuela. Baina futbola, egun, ez da futbola, erromatarren garaiko zirkutik gehiago baitu, kiroletik baino.

Beti pentsatu izan dut futbolari hain loturik dagoen jendarte bat jendarte ahula dela, futbolak plazebo efektua duela askotan; anestesiatu egiten dituela gure burmuinak. Horrela, ulertezinak egiten zaizkit kirol honek jendearengan sortzen dituen hainbesteko pasio, emozio zein malko larregizkoak.

Festarik sozializatuena izango den ikuskizun honek hainbesteraino lelotzen ote gaitu? Zergatik hainbesteko gastu, larderia eta handikeria? Moralki jasangarria al da milaka lagun beren etxebizitzetatik kanporatzea futbol zelaiak egiteko? Zergatik behar ditugu hainbeste jainko eta idolo? Zerk egiten du huts gure baitan, futbolaren izenean horrelako diru desmasiak onartzeko?

Batzuentzat futbolaren festa dena, beste batzuentzat biziraupen kontua da. Foko guztiak jokalari jainkotuei begira daude, baina inork ez ditu aipatuko azpiegitura lanetan hildako zortzi langileak. Messi, Neymar eta enparauen izen guztiak buruz ikasi ditugu, baina Jose Afonso, Raimundo, Marclendo, Antonio, Fabio Ruiz, Ronaldo, Fabio Hamilton, eta Mohamed, zu eta ni bezala, hezur-haragizkoak ziren. Soldataren esklabo ziren.

Haatik, ez nago futbolaren kontra, baina ez dut maite futbolak jendartean duen zentraltasuna. Onartezina egiten zait futbolak sortzen duen desoreka sozial eta ekonomiko guztia. Gure bizimoduak nola baldintzatzen dituen ikustea. Ez nago futbolaren alde, baina aitor dut Robin van Persie-k espainiar selekzioari buruarekin sartu zion gol hura gol hutsa baino gehiago izan zela.

Futbola, eliteko futbol hau, jendarte justuago baten antitesia da.